Glovo enpresa txiki eta ia ezezaguna zen garaian, Espainiako Estatuko hiri nagusietan baino ez zegoenean, auto batek lehenetariko banatzaile bat jo zuen, Isaac Cuende, lanean zela. Enpresak istripuaren berri izatean egin zuen lehen galdera izan zen ea une horretan eskaerarik garraiatzen ari zen. Cuende istriputik besoa apurtuta atera zen; ezer larriagorik ez, zorionez. Lanera itzultzean, ordea, deskubritu zuen aplikazioak ordu kopuru oso mugatu batean baino ez ziola lan egiteko aukera ematen. Glovorentzat etengabe lanean egon ezean, langileek “bikaintasun puntuak” galtzen dituzte eta, horrekin, lanaldia aukeratzeko gaitasuna. Horiek horrela, Cuendek enpresa auzitara eraman du.
Maiatzaren 25ean, gaueko hamaika eta erdiak aldera, furgoneta batek Glovoko banatzaile bat harrapatu eta istantean hil egin zuen Bartzelonako hirigunean. Baina gaur egun gauzak oso bestelakoak dira. Glovo marka internazionala da, zenbait inbestitzailek 169 milioi dolar eman berri dizkiote eta epaitegietan aurrez aurre dabil bere langileekin, lan baldintzak direla eta. Beraz, orain, janari lasterra etxez etxe bidaltzeko industriaren mesedetan langile bat hil eta gero, Glovok familiari dolumina publikoki adierazteko ardura hartu du eta behin eta berriro aipatu du horrelako kasuetarako daukan aseguru pribatua laster “aktibatuko” duela.
Glovok barkamena eskatu du “istripu latz” horrengatik, baina ez du inola ere aitortu istripu bera ez zatekeela inoiz gertatuko egoera bestelakoa izan balitz. Glovok banatzaileak ahalik eta lasterren lan egitera bultzatzen ditu, dirua lortzeko bide bakarra bizikletaz azkar ibili eta norbere burua arriskuan jartzea baita joko anker horretan. Glovok bizikletariak ordurik arriskutsuenetan lan egitera bidaltzen ditu; gauez, alegia. Glovok ez die langileei segurtasunerako formakuntzarik eskaintzen; eskaini ere, ez die inolako formakuntzarik eskaintzen. Glovo gizarteko kiderik etsienek bizi dute, eta horretarako beren erresistentzia fisiko eta mentala muturrera eraman behar izaten dute. Ez da harritzekoa, beraz, horrek guztiak istripu hilgarri bat ekartzea ondoriotzat. Harritzekoa da lehenago gertatu ez izana. Glovok barkamena eskatzeak ez du ezertarako balio istripu hori sortu duten baldintzak bere gain hartzen ez baditu, aplikazioa berariaz diseinatu baitute langileek jokaera arriskutsua izan dezaten.
Arazo horiek konpondu eta aplikazioaren mekanismoa aldatu ezean, Glovoren damua hutsaren hurrengoa da. Ez du, halere, halakorik egingo, aipatutako ezaugarriak bere negozio ereduaren oinarri direlako. Ezin du. Sektorean lehiakor bihurtu duen abantaila galduko luke.
Glovorekin sinatu nuen kontratuan, 3.3. klausulak zera dio: “Profesional Independenteak onartzen eta bere gain hartzen du eskaerak edo mikro atazak dakartzan arrisku zein mentura. (...) [Glovok], halaber, ez du bere gain hartuko Profesional Independenteak bere lanaldian jasan lezakeen kalte material edo pertsonalik. Honek erantzukizun zibileko asegurua kontratatu beharko du...”.
Beharbada, kasu honetan, Glovok familiari indemnizazioa emango dio, iritzi publikoa gainean duelarik. Baina kontratua da garrantzia duen bakarra. Eta kontratuak zera dio: izorra hadi.
Heriotza hau on-demand delako ekonomiaren prezioa da. Heriotza hau zure pizzaren prezioa da.