argia.eus
INPRIMATU
Heriotza eta dolua hezkuntza curriculumean txertatzeko eskaera
  • “Heriotza bat dagoenean ez dakigu haurrei nola azaldu, irakasleak ere askotan beldur dira gaia lantzeko, familiengandik jaso ditzaketen iritziengatik…”. Gabezia hauei aurre egin nahian, irakasleak doluan eta heriotzaren pedagogian formatzeko eta hezkuntza curriculumean gaia gehitzeko eskatuz sinadura bilketa abiatu du Naroa Martinez irakasle eta psikopedagogoak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko azaroaren 16a

Heriotza eta doluari buruzko aholkulari dabil Naroa Martinez Lehen Hezkuntzan, eta gaia oso presente dagoela ikusi du, kezka sortzen duela, baita lagundu nahia ere, baina maiz ez dela jakiten egoerari nola erantzun.

“Heriotza da daukagun bizipen ziur bakarra, denok goaz horretara, gure egunerokoaren parte da”, eta funtsezkoa da horretaz hitz egitea, baita heriotzak dakarren dolu prozesua lantzea ere. “Heriotzaren pedagogiak haurrengan dolu patologikoak ekidin ditzake, naturaltasunez hitz egiten dugun guztiak laguntzen duelako ez patologizatzen eta dolua era natural batean bizitzen”, dio Martinezek.

“Ni suak itzaltzen nabil, ahal dudana egiten dut

Irakasleentzat gai honetan formakuntza eskatuz eta eskoletako curriculumari begira urteko planean heriotza jorratzeko gonbidapena luzatuz sinadura bilketa abiatu du sarean, Eusko Legebiltzarreko politikariak interpelatuz. Zentro guztietan, heriotzaren hezkuntzarako eta dolurako protokolo indibidualizatuak sortzea ere aldarrikatu du irakasleak, baita Berritzegunean gaiari lotutako aditu bat jartzea ere: “Berritzegunean heriotzaren eta doluaren inguruan lan egiten zuen eta formakuntzak eskaintzen zituen aditu hori bazegoen eta berak erretiroa hartu zuenetik figura publiko hori falta da. Ia egunero jotzen dute niregana irakasle zein familiek, baina ni suak itzaltzen nabil, ahal dudana egiten dut eta figura publiko hori sendotuz gero, laguntza zabalagoa izango litzateke, familia eta ikastetxe gehiagotara iritsiz”.