argia.eus
INPRIMATU
Heriotza eskoletako curriculumean txertatzeko eskaera ez du aintzat hartu Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak
  • Hezkuntza-curriculumean heriotza eta doluaren gaia gehitzeko eskatuz, sinadura bilketa abiatu zuen Naroa Martinez irakasle eta psikopedagogoak. Eskaera Eusko Legebiltzarrera iristea lortu du, baina heriotza lantzea ikastetxe bakoitzaren erabakia dela erantzun du Hezkuntza sailburuak. Heriotza haur eta nerabeekin jorratzea inportantea dela eta eskola guztietan bermatu beharko litzatekeela dio Martinezek. Helburu horretan borrokan jarraitzeko asmoa du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko martxoaren 08a

Gaiari lotutako ikastaroak ematen ditu Naroa Martinezek, ugariak direlako heriotza nola jorratu jakin ez eta bere atea jotzen duten irakasle eta eskolak. Horregatik eskatu du gaia curriculumean txertatzea eta irakasleak arlo horretan formatzea. Elkarrekin Podemosen bidez iritsi da Legebiltzarrera eskaera, eta Jokin Bildarratz sailburuak erantzun du ikastetxeek zehazten dutela horri buruz lan egitea egokia den ala ez, “beren autonomia pedagogikoa baliatuz”.

Erantzun horren aurrean, heriotza egunerokoan agertzen den gaia dela dio Martinezek, bai ikasleek eurek dakartelako, bai beste edozein gairekin lotuta dagoelako, “bizitzaren parte den heinean”, eta zentzu horretan, ikerketek argi uzten dutela heriotzaz hitz egitea egokia dela: berau jorratzea “ez da inoren sentsaziora mugatu behar”. “Ikastetxe bakoitzaren esku geratzen bada heriotzaren trataera, ez da haur guztien bizitzarako hezkuntzaren eskubidea bermatzen”, dio Martinezek.

Sailburuak gehitu du, ikastetxeak heriotza lantzea erabakiz gero, Berritzeguneetan aurkituko dituela aholkularitza eta materiala. Naroa Martinezek, baina, baliabide falta jarri du mahai gainean, eta Berritzeguneetan dagoen material gehiena erdalduna dela nabarmendu du. “Berritzeguneak ez dira eskakizun guztiak erantzutera iristen, horrela jakinarazi baitidate eskolaren batetik, eta ikastetxe zein familiek elkarteengana, profesional pribatuengana edo niregana jotzen dute”.

Psikopedagogoak borrokan segitzeko asmoa du, heriotza eta dolua jorratzea eskoletako urteko planetan gehitu dadin.