EAEn atzo heriotza bat gehiago kontabilizatu zen, eta horiekin (Nafarroatik eta Iparraldetik heriotza gehiagoren berririk ez datorrenez) Euskal Herria bere osotasunean iritsi da COVID-19agatik 2.100 hildako edukitzera, milioiko 662 heriotza. Euskaldunok estatu independentea bageneuka, une honetan munduko hirugarren herrialde kaltetuena ginateke, San Marino eta Belgikaren ostean.
Eusko Jaurlaritzak zabaldu dutenez, azken egunean Euskadiko Autonomia Erkidegoan pertsona bat gehiago hil da koronabirusez. Nafarroako Gobernuak arratsaldean jakinarazi du hamargarren egunez inor ez dela hil lurralde honetan. Beraz, Euskal Herrian ekainaren 8a arte 2.100 pertsona hil ditu COVID-19ak, 1.575 EAEn, 515 Nafarroan eta 10 Iparraldean.
Euskal herritarrok azken estatistiken arabera 3,17 milioi biztanle garenez, gure arteko hilkortasun tasa da milioi 1 biztanleko 662. Euskal Herria independentea balitz, munduko herrialdeen artean milioiko heriotza gehien eduki dituztenen zerrenda honela osatuko litzateke: 1. San Marino 1.238, 2. Belgika 828, 3. Euskal Herria 662, 4. Andorra 660, 5. Erresuma Batua 597, 6. Espainia 580, 7. Italia 561, 8. Suedia 462, 9. Frantzia 447..
Eusko Jaurlaritzak EAE osoko datuak bai baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hildakoen kopururik ez du ematen maiatzaren 14tik eta gaur ere informazio hau ez du erakutsi.