argia.eus
INPRIMATU
Heriotz mehatxuak salatu ditu Madrilgo SOS Arrazakeriak, presidentearen aurka
  • Mohamed Gerehou kazetari, ekintzaile eta Madrilgo SOS Arrazakeriako buruak “mehatxu eta irain arrazista larriak jaso ditu Twitter bidez, bigarrengoz hiru hilabetean”, erakundeak azaldu duenez. Uztailean “enkante” baten itxurak egin zituzten sare sozialeko erabiltzaile batzuek, Gerehou esklabo gisa ipinita. Oraingoan bera hiltzeko mehatxu zuzenak egin dizkiote, legionario frankisten inguruko txio bat jartzeagatik.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 28a

“Uztailean bere aurka jasotako mezuengatik salaketa jarri zuen Gerehouk, Espainiako Estatuko Poliziaren Teknologia Ikerketen taldeak azter ditzan, baina mezuak errepikatu ez ezik larriagoak dira orain, bere bizitzaren aurkakoak direlako”, azaldu du erakundeak prentsa ohar batean.

Mohamed Gerehouk berak azaldu du duela hiru hilabete salaketa jarri zuela baina auziak ez duela “ia aurrera egin” eta oraingoan salaketa ez jartzea erabaki duela, momentuz behintzat, “arrazakeriaren aurrean justizia ziurtatzen ez duen sistema bat dugulako”.

“Espainiako Estatuan salaketa jartzeko mekanismo eraginkorrik ez izatea” gaitzetsi du SOS Arrazakeriak. Azaldu du “biktimek salatzeko dituzten aukerak mugatzen” dituela eta “zigorgabetasuna bermatuz diskurtso arrazista eta xenofoboentzat mesedegarria” dela.

Erakundeak gaineratu du “instituzioen arbuio eta jazarpen eza delitu hauen larritasuna ez onartzeko Espainiako gizarteak duen joerarekin lotuta” doala: “Biolentzia matxistarekin gertatzen den bezala, gizarteak begiak ixten ditu jarrera arrazista eta xenofoboen aurrean”.

SOS Arrazakeriak Fiskaltzari eskatu dio ofiziozko abokatu gisa aurkezteko Gerehouren auzian eta “delituen aurkako salaketak jartzeko mekanismo garbiak eta biktimei babesa” ziurtatzeko.