Pello Zubiria
Australiako baserri batean adineko hogei lagun bildu dira suizidatzeko botika bat egiten ikasteko. Mediku eta albaitariek ondo ezagutzen duten lasaigarri baten antzekoa ekoiztu eta eraman dute etxera. Ekintza horrekin saiatu dira saihesten eutanasia kriminalizatzen duten legeak.
Duintasunez hiltzeko eskubidea bada kontu irristakorra. Bere baitan gai bat baino gehiago biltzen ditu: eutanasia, nork bere burua hiltzeko eskubidea, besteri ondo hiltzen laguntzea... Gure artean asko hitz egin da horretaz Mar adentro filmak lortutako arrakastaren bueltan. Lege aldetik berriz, estatu eta legedi bakoitzak bere modura arautzen eta kriminalizatzen ditu ahalegin horiek.
Heriotza lagun artean aipatzen erraza ez bada, suizidioak tabua izaten segitzen du gure artean. Bere burua akabatu duen kristauari mende luzez eliza katolikoak ezarritako zigor beldurgarriak izango du zerikusirik horretan. Baina gizakiok noizbait gure baitan edo inguruan aurkitzen dugun gai nagusi hori -bizia eteteko unea iritsi dela erabakitzeko eskubidea- Paleolitikoan bezain bizirik dago gaur.
Australiako adineko jende batzuk ere, gu bezala, tabu, lege arazo eta eskubideen arteko katramilak harrapatuta aurkitu dira. Baina eztabaida publikoetan luzatu eta galtzeko partez, zuzeneko ekintzara jo dute. Albiste berezia baina ez bitxia.
"Death's cocktail" ("Koktel hilgarria" esan genezake euskaraz) jarri du bere erreportajearen izenburuan Dave Hancock kazetariak, Australiako The Bulletin astekarian. Bertan kontatu du hogei herritarrek -adinekoak gehienak eta batzuk gaixotasun larrietan egoera terminaletara hurbiltzen ari direnak- kanpaldi berezia egin dutela, droga hilgarri bat egiten ikasteko. Pasa den urrian egin zuten biltzarra Hegoaldeko Gales Berrian, etxalde bakarti batean, eta bertan ikasi zuten pentobarbital famatuaren antzeko botika ekoizten. Pentobarbital hau da Suitza, Belgika eta Herbehereetako eutanasia legezkoetan erabiltzen dena; Estatu Batuetan Oregonen legeztatuta daukate medikuek -lekukoen aurrean gaixo batek hala eskatuz gero- errezetatu ahal izatea.
Hogei lagun horietan gazteenak 55 urte ditu eta zaharrenak 94. Denak ere Exit International erakundeko kide dira. Erakunde hau mundu osoan heriotza duin baten aldeko aldarrikapena dela-eta antolatuta daudenen arteko bat da; Australiakoa Philip Nitschke doktoreak fundatua da. Kazetariak argitu duenez, hogei pertsona horietatik bik aitortu diote laster erabiliko dutela, beren gaitz degeneratibo larriak oso aurreratuta dauzkatelako. Gainerakoek "botika hori eduki nahi dute aseguru moduan, ez dutelako beren bizimodua gainbehera ikusi nahi edo asistentziako etxe batean bukatu nahi beren buruen jabe ez direla".
Kay izeneko emakumeak 55 urte ditu eta gaixotasun neurologiko degeneratibo larria diagnostikatu berria diote. Kayk aitortu dio kazetariari gaitz hori bera zeukan senide bat zaindu zuela gaztetan eta berak ahal zuen guztia egin zuela hura zaindu eta laguntzeko, baina ohartzen dela haren bizimodua ikaragarria zela. Ez ditu ikusi nahi senarra edo haurrak egoera hori bizitzen eta ez luke inoren etorkizuna konplikatu nahi bere heriotzari buruzko erabakiak hartzerakoan. "Droga hau daukadanetik lasaiago sentitzen naiz eta ez dut beldurrik. Hori daukadala, nire bizia gozatzen zentratuko naiz eta barrez hondoratuko naiz".
Pentobarbitala behar adinako dositan hartu duena lokartu egiten omen da berehala, eta hogei minututan hil, inolako minik gabe. Droga hori erabiltzen zen 1995ean munduko lehen eutanasia legea onartu zuen Iparraldeko Lurraldean, Australian. Baina laster ezabatu zuen lege hori Australiako gobernu zentralak, eta botika hori bezala antzekoak estatuaren kontrol zorrotzagoz mugatu zituen. Are gehiago: "Suicide Material Offence" lege berria atera dute, hil honen bukaeran indarrean sartuko dena, eta horren poderioz suizidioari buruzko eztabaidagune eta foroak gogor zigortuko ditu: 75.000 euro arteko isuna gizabanakoei eta 310.000 artekoa erakunde eta enpresei.
Gai hau gizarteratzen aitzindaria den Exit International erakundea bera bi zati egin behar izan dute: adar politikoa Australian geratu da eta aholku zerbitzua (Internet gunea barne) Zeelanda Berrira joan da.
Kriminalizazioaren bazterretik
Lege berria akuilu suertatu da Exit International (Exit irteera da ingelesez) osatzen duten batzuentzako, eta erreakzio moduan antolatu dute urriko "Peanut project" hori.
"Peanut" -kakahuetea, baina baita ere barbiturikoa argotean- hori prestatzen aritu dira hamar hilabetez. Beren sakeletatik 25.000 euro jarri dituzte autoa, laboratorio txukun baterako tresnak eta beharrezko lehengaiak erosteko. Denak hartuta, lurjabe handi batek abandonatuta daukan etxalde batera joan dira, hegaztien bizimodua ezagutzera doan zahar koadrila baten itxurak eginez.
Karpa edo xapitoa zutikakoan, laborategiko lanari ekin diote. Tresna batzuek badute sofistikazio puntu bat eta beste asko edozein sukaldetan aurkitzen diren paela, eta abarrak dira. Kazetariari Elaine izeneko batek aitortu dionez "produktua ekoizteko beharrezko informazio gehiena liburutegi publikoetan eta unibertsitatean aurkitu dugu. Guztiok hartu dugu parte operazioan. Horrela, denok ikasi dugu gauzak nola egiten diren. Eta epaileren batek pertsegitzen bagaitu elkarri lagundu ahal izango diogu".
Bi eguneko lanaren eta erreakzio kimiko batzuen ondoren, lortutako produktua hozkailuan sartu eta halako festa txiki bat egin dute paraje hartara bildutako hogei lagunek. Biharamunerako, kristaltxo hilgarriak lehortu eta etxera eramateko prest zeuzkaten.
John izena duen eta besteek bezala abizenik azaltzea nahi ez duen zaharretako batek esan dio kazetariari: "Aitortu behar da prozesua asko findu behar dugula, errazagoa izan dadin. Hala ere, harrigarria izan da adineko jendea paraje urrun batean bildu eta horrelako ekintza bat burutzen ikustea. Esperientzia aberasgarria izan da, eta mezu nagusia da gobernu federalak halako neurri zorrotzak hartzen baditu ere, ezingo gaituela gelditu".
Taldeko beste partaide bat Dawn izeneko emakumea zen, Sydney hirikoa. Honela esan dio kazetariari: "Prozesu guztia ulertzeko gauza ez naiz, baina pozik hartu dut parte bertan. Nire bizitzako une guztiak gozatu ditut, eta hau ere bai, unerik onena adina. Pozik nago 82 urte izanik nahi dudan guztia egiteko gai naizelako, baina ezingo nuke jasan etxe berezi batean landare bat bezala egotea. Droga hau eskueran daukadanez, ez dit axola bizia asko edo gutxi luzatzeak. Dena ondo pasatuko da, droga non utzi dudan gogoratzen dudan artean". Taldeko zaharrena, 94 urte dituen Fred, berdin mintzatu da.
Ikastaro laburrean parte hartu duten hogei kideen zain omen daude Australia osoan barreiatutako beste 100 taldeetako kideak, teknika ezagutzeko.
Urriko ekintza berezi hori izan da azaroaren 5 eta 6an Sidney hirian Exit Internationalek ospatu duen nazioarteko biltzarraren mintzagai nagusietako bat. Beste herrialdeetako antzeko mugimenduetako ordezkari batzuek bildu dira Australian eta beste batzuek bideokonferentziaz hartu dute parte.
Ondoren, manifestaldi lasaia egin duten kaleetan zehar, komisaldegi baten aurrean bukatzeko; han Exit Internationaleko ordezkari batzuek poliziari eskatu diote arma edukitzeko baimena. Gero kanpoan deklaratu dute: "Zergatik daukagu eskubidea gure buruak bakardadean eta era odoltsuan tiroz akabatzeko, eta ez droga egokia hartuta gure senideen ondoan bakean hiltzeko?"
Informazio gehiago:
"Bake betezko pilula egiten" Bulletin astekarian
"Bake betezko pilula" Exit International gunean
Eutanasia.com, kontrakoen gunea
Hiltzeko eskubidearen aldeko elkarteak
Asociacion Derecho a Morir Dignamente
Voluntary Euthanasia
Dignitas, Suizako elkartea