argia.eus
INPRIMATU
Herioa ate joka hasi zenekoa

Patxi Azparren @fraixku 2020ko urriaren 30a

Jakin nahi ez genuena badakigu, ez gara unibertsoaren erdigunea, inork ez gaitu sortu, inork ez gaitu zaintzen, gutariko bakoitzak soilik une batez biziko da eta behin betiko desagertuko da eternitate osorako.

Errealitate gordinaren susmo hori gizaki guztiok izan dugu eta kultura guztiek ukan dute. Bizi-itxaropena 30 bat urtera mugatzen zelarik, eta umeen erdia gurasoen besoetan hiltzen zirenean, susmo horrek sortzen zuen oinaze hura erlijioekin baino ezin zen apaldu. Egun ere, gerra ala pobrezia larria pairatzen duten tokietan erlijioak berpizten dira, jendarte-egitura egonkortzeko eta hartu-eman pertsonalak arautzeko baliagarriak baitira.

Gure testu-inguruan, aldiz, lehenengo aldiz historian, jaiotzean gehienok 80-85 urteko bizi-itxaropena munduratzen gara eta horrek zeharo aldatu du, oso epe laburrean, gure jarrera. Batetik, inoizko bizitza luzeena izan dezakegu aurrean; bestetik inoiz baino kontzienteagoa gara, zein laburra den.

 

"Ziurtasunak galtzen direnean helduleku bila edozein eskuarri izan daiteke baliagarria. Oraingo honetan bi izan dira erabilgarrienak: errealitatea ukatzea: “negazionismoa”; bertsio ofizialari ortodoxiaz eustea"

Gurea bezalako jendarte oparoetan, gaztetxoak garela, etxe gehienetan hiru belaunaldi eserita ikusteko parada dugu, birraitona-amonak ezagutzea ez da salbuespena eta bizitzaren hasierako urte horietan, mahaian eserita, denbora amaiezina dela ematen du. Sentsazio horrekin koskortu ginen eta aurreikuspen horrekin ekin genion gaztaroari.

Nork esango zuen, 2020ean herioa besteen etxetatik irten , ipuinetatik atera, eta gure ateetan jo zezakeenaz ohartu ginen. Ezustean harrapatu gintuen eta ez genuen jakin izan nola erantzun.

Ziurtasunak nahi genituen, baina ez adituek, ezta gobernuek ere, ezin izan ziguten horrelakorik eskaini. Beste ugaztunek egiten duten lez, elkartu nahi ginen, baina “arerio” berri honek dituen ezaugarriak direla medio, etxe zuloetan giltzapean geratu ginen, supermerkatuko produktuak irensten , telefonoari itsatsita, ulergaitzak ziren mezu kontraesankorretan itotzen.

Ziurtasunak galtzen direnean helduleku bila edozein eskuarri izan daiteke baliagarria. Oraingo honetan bi izan dira erabilgarrienak: errealitatea ukatzea: “negazionismoa”; bertsio ofizialari ortodoxiaz eustea. Bi eskuarri labainkorren arteko guztia ukatu egiten da. Zalantza, kritika, susmoa, herejiaren tokian kokatzen dira eta eztabaida askea, atsegina eta emankorrak desagertuz; irainak, haserreak eta ezulertuak nagusitu dira.

Lerro hauetatik izurrite garai hauetan, “la peste” liburuaren egileak aldarrikatu zuen moduan: zalantza dutenen dantzaren aldeko hautua egingo dut.

Elkartasuna, askatasuna, ardura eta sen kritikoa uztartzeko gai ez bagara, iparrorratza galdu dugulakoan nago. Azalpen xume eta inozoek ez diote egoera konplexu honi erantzun eraginkorrik eskainiko; gobernuek egiten duten errelatoa kontraesankor eta aldakorrak ez du herritarrongan sinesgarritasunik lortuko. Keinu autoritarioek zauri larria utziko dute gure etorkizun hurbilean, eztabaida antzuek gogaituko gaituzte eta bukaeran... noraeza horretan, arrantzan zein ehizan, krisi guztietatik elikatzen diren betiko marrazoak garaile.