Aurtengo uztailak 25ean, Zuberoako lau herrik —Ainharbek, Ezpeize-Ündüreinek, Sarrikotapeak eta Ürrüstoi-Larrabilek— Jean-Louis Davantek idatzitako Abdelkader pastorala antzeztu zuten Ürrüstoiko errebote plazan, Covid.19ko izurritearen erruz urtebetez atzeratu eta gero. Izan ere, Covid-19 gaitzaren kontrako segurtasun neurriak betez eseritako jendartea mila ikusliarretara mugatu behar izan zen, plazaren alboetan jende andana adi-adi egonda ere. Jean Luois Davant idazle eta euskaltzainak idatzitako pastoraleko testuak frantses armada inbaditzailearen kontra borrokatu zuen Abdelkader buruzagi aljeriarraren trajedia jorratzen du, pertsonaia benetan interesgarria frantsesekiko gudatik haratago.
Alabaina, ez da pastoralaren antzerki-emanaldiaren arrakastak edo Adbelkaderrek berak nire ondoko lerro hauek iradokitzen dituztenak, aurreko asteetan ARGIA aldizkari honetan pastoralaren antzezpen lanen gainean irakurritakoa baizik: Zuberoan, Euskal Herriko beste lurralde gehienetan bezala, euskararen erabilera ahulduz joan da azken hamarkada hauetan. Transmisio guti egin da familietan eta belaunaldi oso batek ez du euskara ikasi. Xiberoko Pettarran, pastoralari esker, euskaraz murgiltzeko parada dutela erran diote Kanalduderi erreportaian agertzen diren arizaleek.
Egia esan, ezer berririk ez, batez ere Zuberoa aldean usu ibilitakoentzat. Nik neuk, Zuberoa ondoko Antze herrixka bearnetarrean lagun batzuen etxean hainbat aldiz oporretan egon naizenez, betiere Montori, Barkoxe, Atharratze, Maule eta abar bisitatzera profitatu dut. Tamalez, herri guztiotako plazetan ez da ia inoiz euskararik aditzen, ez baldin bada, noski, Hegoaldetik etorritako euskaldunona, batek daki Benitok eta enparatuek hegoaldeko euskal belarrietara propio moldatutako zuberotar kantu zahar herrikoiak etengabe entzundakoan bultzatuta edo, batez ere erebertako edadetuei euskaraz egiten saiatzen garelarik. Horren harira ere laster akordura etorri zait behin batean, Barkoxeko taberna bateko terrazan nengoela, ikusi eta aditutako neskatila “txantxiku” bat bertako bi nagusirekin hitz eta pitz ari zela bere txantxikuera ahalik eta txukunen baturatzen saiatuz. Bi gizon heldu zuberotarrek üska ederrean erantzuten zioten, noski, euren artean frantsesez barra-barra egin bitartean. Lehen esan bezala, aurretiaz ez dakigun ezer berririk ez, wikiak berak emandako datuak ezin argi eta etsigarriagoak baitira: Zuberoako jatorrizko hizkuntza euskara da, zuberera, ia lurralde osoan. Euskarak atzera egin du, azken mendean batez ere, frantsesaren mesedetan, eta euskaldunen ehunekoa gero eta txikiagoa da: 1866-2001 bitartean, hiru herritarretik bi euskal hiztun izatetik (% 65,0), lautik bat edo gutxiago izatera pasatu dira (% 22,8). Dena dela, % 22,8k euskaraz badakite ere, erabilera oso apala da (% 5,8). Izan ere, eta inolako probokazio asmorik gabe errealitatea gordina baita, esan liteke Arabako Montoria herrixkan euskaraz dakiten haurrak topatzea guztiz errazagoa litzatekeela, eta hein batean ere guztiz logikoagoa Araba aldean ikastolen sarea sendo eta hedatuagoa baita Iparraldekoa baino euskararen ofizialtasunari esker, Zuberoako Montori herrian baino.
Gauzak horrela, zer pentsa Zuberoako euskalgintza tradizionalaren ekitaldirik adierazgarri zein ezagunenetariko batean partaide gehienek Jean Louis Davanten testua buruz ikasi behar dutenean euskaraz ez dakitelako familietako transmisioa arestian eten, doi-doi hamarkada bakar batean. Eten da, bai, eta oso bitxia da, benetan gogoeta egitekoa, aspaldi eten ez izana, hau da, frantses barne-kolonialismoaren indarra pil-pilean zegoenean, euskaldun gehienen artean ozta-ozta inolako hizkuntza kontzientziarik ez zegoenean, eta ez ordea azken hamarkadotan, nola edo hala Hegoaldeko XX mendearen azken laurdeneko euskaltzaletasun suspertuaren oihartzuna Iparraldera iritsi denean ezinbertzez, esan dezagun 1969 urtean Arrangoitzen Iparraldeko lehenengo ikastola sortu, eta honekin batera Seaska ikastolen mugimendua, edota 1984 urtean lehenengo Herri Urrats ospatu eta gero. Egia da, jakina, oso aintzat hartzekoa dela gaur egungo frantses estatu jakobinoak frantsesa ez diren herri hizkuntza guztien kontrako politika, edo hobeto esanda bazterketa instituzionala, hizkuntzon erabilera gero eta gehiago gutxitzeko asmotan, hots, frantsesaren erabateko nagusitasuna behin betikoa izan dadin. Badirudi, haatik, globalizazio zein digilitazioaren garaiotan eskualdun anitz eta anitzek men egin diotela nahita frantsesaren nagusitasun horri euskararen kalterako, gutxienik eguneroko bizitzatik ezabatzeraino, batik bat aspalditik arian-arian dagoen euskaltzaletasunari muzin eginez eta behialako frantses eskola nazionalaren asmo zein trikimailu gaiztoak hain agerian utzita ere.
Zer dela eta? Eztabaida oso zabala litzateke hemen luze jorratzeko, alegia. Hala ere, ondorioa ordea begi bistan dago, Zuberoan zein Euskal Herri osoan, euskararen erabilpenaren etengabeko jeitsiera. Ürrüstoiko pastoralaren partaideen artean anitzak dira euskara berreskuratzeko ahaleginetan ari direnak haien etxeetan irakatsi ez zietelako edo auskalo noiz, nola edo non galdu zutelako. Alabaina, galdera oso agerikoa; zuberotarrok euskara benetan berreskuratu eta gero euskara etxe edo kaleetara itzuliko al da? Erantzuna Araba bezalako lurralde batean omen dugu, han euskara XVIII-XIX mendeetan zendu baitzen kasik, gaur egun ordea, ikastola zein euskaltegien bidez eta 2016ko datuen arabera, ezagumena %ko 23,9a da, erabilpena, berriz, eremuka izanda ere ezta inoiz %10ra iristen. Esan liteke Araban euskara eskola barruko hizkuntza dela gehienbat, eta eskolatik at euskaltzaleen guneetara mugatzen dela halabeharrez. Hori izango al da Zuberoako euskararen etorkizuna benetako berreskurapen saio bat egin egin ezkero? Bertzela erranda, Zuberoako pastoralen etorkizuna eskola barnean edota euskaltzaleak biltzeko propio antolatutako guneetan baino euskaraz eginen ez duten euskaldunberrien esku egonen da soil-soilik Zuberoako euskaldunzahar gehienak zendu eta gero? Euskara ez al da dagoeneko euskalgintzari kosta ahala kosta eusten dioten euskaltzaleen afera, baliteke obsesioa, bakar-bakarrik, gainerako euskaldunen hizkuntzaren etxe zein kaleko erabilpen edo transmisioarekiko arduragabekeria gero eta ageriagoa izan arren? Eta are doiagorik, agian makurragorik ere, galdetuta: euskalgintza osoaren etorkizuna Zuberoako pastoralarena izanen al da, euskara koplak kantatzeko baino erabiliko ez duten sasi-euskaldunena?
Galdera zorrotzak, bai, beharbada bihurriak; baina, oso zintzoak eta premiazkoak ere duela gutxi Berria egunkarian Sardiniako jatorrizko hizkuntzari buruzko erreportaje batean honakoak irakurritakoan: Italiako Estatistika Institutuaren arabera, eremu publikoan herritarren %3k erabiltzen dute sardiniera, eta %87k italiera. Sardiniar gehienentzat, beren nortasuna oso lotua dago beren hizkuntzari.