argia.eus
INPRIMATU
Srebrenicako 300 musulmanen hilketaren arduradun Herbehereak izan zirela ebatzi dute
  • Herbehereak Srebrenicako sarraskiko 300 hilketen errudunak direla adierazi du Hagako Auzitegiak. Epaiak dio Nazio Batuen Herbeheretako batailoiak (Dutchbatak) ez zuela behar bezala jokatu, gizon horiek beraien zaintzapean zeudelako eta ez zituzten babestu.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 17a
Srebrenicako Amen Fundazioaren kideak Hagara joan ziren epaia ezagutzera (argazkia: EFE)

1995ko uztailaren 13an Dutchbatak 300 gizon ebakuatu zituen Potocariko basetik, kontuan hartu gabe genozidioa gertatzeko arriskua zegoela, hiria 2 egun lehenago Bosniako serbiarren armadaren” eskutan erori baitzen. “Dutchbatak gizon hauei basean geratzea utzi balie, bizirik egongo lirateke”, adierazi du epaileak.

Hala ere, Hagaren epaiak ez du Estatua sarraski osoaren erantzule egin. Honen arabera “zentzuzkoa” izan zen 5.000 bosniar basean sartzen ez uztea, “osasun baldintzak eskasak zirelako”. Srebrenicako Amen Fundazioaren presidenteak, AFPri adierazi dio basea oso handia zela, eta bertan guztiak sartzen zirela.

Srebrenicako Amen Fundazioa izan zen Estatuaren kontrako demanda aurkeztu zuena. Ez daude epaiarekin ados eta borrokatzen jarraituko dutela adierazi dute.

Sarraskirik handiena II. Mundu Gerratik

Bosniako Gerran (1992-1995) Srebrenica hiria “gune seguru” izendatu zuten Nazio Batuek. Dutchbatak hiria babesteko ardura zuen, baina 1995eko uztailean Srpska Errepublikako armadak (Bosniako serbiarren armada) hiria bere gain hartu eta 8.000 bat lagun hil zituen. Hilketa masibo hau “Srebrenicako sarraskia” bezala ezagutzen da.