UPNren aginduz poliziak itxialdian zeudenak bota ditu ostegunean Virgen del Carmen Ospitaletik. Dena den, sindikatuek ospitalean dituzten lokaletan batu dira eta esan dute han jarraituko dutela protestarekin.
Polizia ospitaletik botatzera joan den unea ikus daiteke Ahotsa.infok egindako bideo honetan:
Hepatitis C gaitza duten 30 pertsona inguru itxialdian daude asteazken eguerditik Virgen del Camino Ospitalean UPNren Gobernuari erantzukizunak eskatzeko
“Behin hona iritsita, hemen geratuko gara”, esan du Juan Manuel Adán, ATENA elbarrituen fundazioko kideak. Marta Vera osasun sailburuak Nafarroako medikuek Hepatitis C gaitzaren inguruan egindako txosten bat aurkeztu du.
Adánek onartu du txosten horrek ez duela ez interes politiko ez eta ekonomikorik ere, eta beraz, aintzat hartuko dutela esan du.
Oraingoz testua aztertuko duen abokatu bat eskatuko dute eta bermeak izan arte itxialdian jarraituko dutela ohartarazi du Adánek.
Dena den, Info7 irratian itxialdian dagoen Antonio García ATENAko kidea elkarrizketatu dute eta esan du, laster polizia etor litekeela handik botatzeko asmotan.
ATENAko kideak jakinarazi duenez hainbat politikariren eta sindikalisten bisita izan dute, horien artean, CNHko kideak eta Bilduko, Aralarreko, Ezker Batuko eta Podemoseko ordezkariak.
Gobernuei erantzukizun eske
Ekintza honekin Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatu nahi dute.
Nafarroako gobernuari eskatu diote hepatologoei ahalik eta jende gehiena sendatzera behartzeko, inongo mugarik gabe finantzatuz eta sendagai berriak eskuragarri jarriz.
Nafarroako herritarrei eta eragile sozialei berriz, dei egin die protestan parte hartzeko.
Bilbon elkarretaratzea egin zuten larunatean gaixotasunaren aurka sendagai berri bat eskatzeko.
Diario de Noticias egunkariak itxialdiaren hainbat irudi jaso ditu: