argia.eus
INPRIMATU
Hendaiatik zein Saratik mezu argia luzatu dute: “Euskal herritarrontzat ez dago mugarik”
  • EH Bai koalizioak deiturik, berrehun bat lagun elkartu ziren larunbatean Saran eta Hendaian, Frantziako Gobernuak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko errepide batzuk hetsi izana salatzeko.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 18a

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko errepide batzuk hetsita dira urtarrilaren 14az geroztik, Frantziako Gobernuak etorkinei lotzen dien "terrorismoaren" aurka eragiteko. Hori horrela, EH Bai koalizio abertzaleak bere postura argi utzi nahi izan du: "Euskal herritarrontzat ez dago mugarik", Arturo Villanuevaren hitzetan. Orotara 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak dira operazio honetarako, eta "autoritarismoaren indartze" hau ere gogor salatu du koalizioak.

EH Bai eta EH Bilduk batera idatzitako agiriaren bidez neurri berri hau ere salatu dute: "Zentralismoaren aitzinean, inoiz baino behar handiagoa sentitzen dute EH Baik eta EH Bilduk nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta, baliabide eta tresnak indartzeko. Demokraziaren hustutze honen aitzinean muga artifizialak desegin eta eremu naturala den Euskal Herria eraiki beharra dago, euskal herritar guztien artean, gure bizitzaren erabakiak hartzeko".

Euskal Hirigune Elkargoa ere "kezkaturik"

Egoera salatu du Euskal Hirigune Elkargoan "mugaz gaindiko" harremanen ardura duen Joseba Erremundegi hautetsiak ere: "Erabaki hori euskal lurraldeetako biztanleen eta eragileen arteko eguneroko trukaketen aurka doa –indartu nahi dugun mugaz gaindiko lankidetzaren oinarrian ditugu trukaketa hauek–". Elkarrizketa abiatzeko deia egin dio Frantziako Gobernuari Euskal Herriko hautetsiak.