Pirinio Atlantiarretako Prefeturak asteburuan aditzera eman duenez, hilaren 19an Hendaiako Ondarraitzen atzemandako txoria, Bassan itsasaldean isuritako fuel-olioak kutsatuta zegoen.
Orain hamar egun, Grande America petroliontzia hondoratu zen Ozeano Atlantikoan, La Rossellen itsasertzetik iparraldean barrena. Bost egunen ondoren, zama-ontziak bota zuen erregaiaren arrastoak iritsi ziren Euskal Herrira.
Lehen ustekabea hondamendiaren biharamunean izan zen, txori bat soinean belztua hondarreratu baitzen Landesetako itsasertzean. Bi egun geroxeago, beste txori bat, zikinduta ere bai, gorputzaren %70a fuel-olioz zikinduta agertu zen.
Hasiera batean, sinesgaitza iruditu zitzaien adituei txori horrek hondamendi izan zen tokitik, Txingudi badiaraino bidea egin izana. Hegalaldia elkarteko presidente Stéphane Mauryk horrela zioen: “Grande Americaren petroliontzia Hendaiatik 100 kilometrotara hondoratu zen, eta, zaila dirudi gorputza hain zikinduta duen txori batek distantzia hori hegan egin izana”. “Alabaina, ez da ezinezkoa ere”, esan zuen eta halaxe izan ere.
Hendaiako Kote Ezenarro apeza adi agertu da gertatuaren aitzinean: “Herriko zerbitzu teknikoek ez dute erregaiaren isuria atzeman gure itsasertzean, baina adi-adi gaude”. Itsasoaren egoera meteorologikoak hondamendiaren bilakaera baldintzatu izan du.
Halaber, Baionako Hervé Jonathan suprefetak itsasoaren uren egoera aztertzeko eta segimendua egiteko bitartekoak jarri ditu martxan. Kutsaduraren arriskua zabalduko balitz, hondamendiaren eragileen ardurak zehazteaz gain, itsasertzeko herrietako agintariei gertatutakoaren aurrean arduraz jokatzea eskatu die.
Suprefetak iragarri duenez, “hondamendi kasuetan, kutsadura geldiarazteko operazioak finantzatzeko Polmar Funtsako dirua aldi baterako zabaldu da”.