argia.eus
INPRIMATU
Hendaiako Sasiko gaztetxearen aurkako erasoa egin dute
  • Sarrerako sarraila hausten saiatu dira eta leiho ugari hautsi dituzte Hendaiako Sasiko gaztetxean. Igande gauean izan da erasoa. Horrelakoek aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkietela adierazi dute gaztetxeko kideek.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 09a
Arg.: @SasikoGztx

“Oroitu behar da Sasiko gaztetxea kanporatze arriskuan dagoela, eta horrelako erasoek gure lana moteldu beharrean, aurrera jarraitzeko gogo handiak ematen dizkigutela”, adierazi dute. Gaztetxeak Hendaiako herriari egin dizkion ekarpenak gogorarazi dituzte eta erasoak “ulertezinak” direla esan dute.

2016ko ekainaren 11n sartu zen Hendaitz gazte asanblada Orioko Etxea izenarekin ezaguna den eraikinera. Eraikinaren jabea APHP Frantziako osasun erakunde publikoa da eta gaztetxearen aurkako salaketa jarri zuen. Iragan astean izan zen epaiketa eta ekainaren 7an jakinaraziko dute epaia. Prokuradoreak gazteen aurkako isun ekonomikoak eta eraikina hustea eskatu du.

 

Erasoaren argazkiak: