argia.eus
INPRIMATU
Hendaiako Futbol 7 Txapelketa datorren larunbatean
  • Urtero legez, maiatzaren 27an, larunbatez, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko futbol hamalaugarren ekitaldia izanen da Hendaiako Ondarraitz estadioan.

ARGIA @argia 2017ko maiatzaren 23a

Antolatzaileen esanetan, futbol txapelketa hau ekimen arrunt bat baino gehiago da, helburu politikoa duen ekimena da, euskal preso eta iheslari politikoei sostengua emateko.

"Urteak pasa dira txapelketa hau martxan jarri zenetik eta gauzak ez dira aldatu. Euskal Herrian bake prozesurako pausoak eman diren bitartean, Frantziako eta Espainiako estatuetako espetxe politika krudelak zutik dirau", adierazi dute.

Euskal Herrian, preso eta iheslarien aldeko egun inportantea izatea nahi dute. Kari horretara, egitarau zabala proposatzeko ahalegina egin dute.

Futbol zaleez gain, jende guztiak badu tokia ekimen honetan, adierazi dutenez. Iaz bezala, hiru txoko jarri dituzte jende guztiak bere tokia aurki dezan. Haurren txokoan puzgarriak eta jolasak izanen dira, txikiak ez aspertzeko.

Elkartasun txokoan, goizeko 10:30ean “Kartzela, emakumea eta maitasuna” mahai ingurua izanen da eta egun osoan zehar, material salmentaz gain, Motxilaren umea dokumentala proiektatuko da. Azkenik, karpan, egun osoan "festa eta giro ona" segurtatua izanen omen da.

Eguerdian, Imuntzo eta Belokik giroa alaituko dute eta arratsalde partean Sakatu elektrotxarangak hartuko du euren tokia. Gauean, berriz, kontzertuen txanda izanen da: Erokomeri, Anestesia eta Bad Sound System taldeek joko dute.

Antolatzaileen azken oharra: "Taldea osatu ez dutenek  (7 taldekide gutxienez)  izena ematera animatzen zaituztegu telefono zenbaki hauen bitartez: 0033 0659091886 eta 0034 637194141".

Posta elektronikoz kontaktatu nahiz gero, hona mezua igortzeko helbidea: futbol7.hendaia@gmail.com