argia.eus
INPRIMATU
Hendaiako erretentzio zentroan %34 pertsona gehiago atxilotu zuten iaz
  • Cimade elkarteak emandako datuen arabera, %55a aske geratu bazen ere, 2023an 351 pertsona atxilotu zituzten paperik gabekoak atxikitzeko zentroan. Gehienak Aljeria, Maroko eta Tunisiako jatorria zuten.

Antxeta Irratia 2024ko maiatzaren 03a
Hendaiako erretentzio zentroa. Argazkia: France 3 Euskal Herri

Hendaiako atxikitze edo erretentzio zentro administratiboari buruzko 2023ko bilana plazaratu berri du Cimade-k. Paperik gabeko pertsonak atxilotu eta frantses estatutik kanporatuak izan ala ez deliberatzeko epailearen aurretik pasa bitartean, hauek atxikitzeko halako 25 zentro daude estatu mailan. Eta Cimade elkarteak dio «Frantzia txapelduna dela kanporatze materian». Izan ere, 2023an 46.955 pertsona giltzapetu zituzten, horietatik 3.349 haurrak. «Europaren bihotzean giza eskubideak suspendituak daude, eta asilo eskaerak epaileen esku geratzen dira», azaldu dute Hendaiako Borderline Fabrikan egindako agerraldian.

Bertatik 200 bat metro eskasera, Hendaiako komisaldegiaren gibelean dagoen erretentzio zentroari dagokionez, 351 pertsona atxilotu zituzten 2023an, denak gizonak, 2022an 261 izan ziren bitartean. Era berean, atxilotze epeak ere emendatzen doaz urtetik-urtera. Legea aldatu zutenetik, gehienez ere 45 eguneko atxiloaldia 90 egunera arte luza dezakete erretentzio zentroetan. Eta gaur egun 24 egunekoa bada batez bestekoa, datu hau bikoiztu egin da azken hamarkadan.

Zentzu honetan, 2024ko urtarrilaren 26ko Inmigrazio Legearen erreformak erretentzio zentroen baliabideak emendatzea aurreikusten du gobernuak, eta honek egoera okertu dezakeela aurreikusten dute.  

Maite Etxeberri, Cimadeko kideak argitu duenez, «kasuen %55ean askatuak izan badira ere, kanporatuak izan gabe, atxiloketen atzean politika arrazistak daude». Izan ere, beltza ala magrebiarra izanagatik gelditu ohi dituzte tren geltokian poliziek eta atxilo eraman. Hendaian atxikitutakoen %70a baino gehiago magrebiarrak izan dira aurten. Cimadek jakinarazi duenez, gehienak  Aljeria, Maroko eta Tunisiako jatorrizkoak dira.

Absurdoan erortzeraino kasuak ere eman dira Hendaian horren irudiko. Kameruneko jatorria duen frantses nazionalitateko mutil bat atxiloturik ukan baitute, «bere delitu bakarra beltza izatea zelarik». Cimade elkarteak hau guztia gizarteratzeko eta salatzeko gaualdia antolatu du Hendaiako Borderline Fabrikan maiatzaren 17an.