argia.eus
INPRIMATU
Hendaiako auzapezak udal gobernutik egotzi ditu Hendaia Biltzeneko lau hautetsiak
  • Konfiantzarik gabe elkarlana ezinezkoa dela argudiatuz eman du Hendaia Biltzen udal gobernutik egozteko erabakiaren berri Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak. Hendaia Biltzenek, bere aldetik, jakinarazi du ez duela nahi gehiengo munizipalari loturik jarraitu.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 20a
Kotte Ezenarro (Argazkia: Gaizka Iroz)

Asteartean prentsari igorritako oharraren bidez, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak jakinarazi du Hendaia Biltzeneko hautetsiak udal gobernutik kanporatuko dituela. Kazeta.eus-ek jaso duenez, prentsari helarazitako mezuan, Ezenarrok "Hendaia Biltzeni 2020an gehiengo munizipalean eman lau delegatu postuak kentzeko dekretua izenpetu du". Horrez gain, apirilaren 27ko herriko kontseiluan alkateorde diren Hendaia Biltzeneko kideak ere ordezkatuko ditu.

"Dolu dut honetara ailegatu behar izatea, baina niri eta gehiengo munizipalari ezinezkoa egin zaigu hautetsi hauekin konfiantzaz lan egitea. Gure hauteskunde akordioa engaiamendu argiekin finkatu zen, edozein gehiengo munizipalek dituen orientazio politikoen eta arauen inguruan". Hitzokin hasi du prentsarentzat oharra auzapezak, eta hausturaren arrazoiak artean hiru zehaztu ditu. Batetik, Hendaia Biltzenek 2021 eta 2022ko aurrekontuak babestu ez izana "desafio" gisa hauteman du, horri iritzirik "gehiengo bat zimendatzen duen ekintza politiko nagusia". Horrez gain, "edozein iritzi eman aitzin kanpoko kontsignen zain" egon direlakoan, adierazpen askatasunik gabe jardun izana leporatu die abertzaleei. Eta horrekin batera, mesfidantza botoak eta batzuetan diskurtso mingarriak egitea ere aipatu ditu.

Datorren astean dira biltzekoak Hendaia Biltzeneko kideak, Naiz-ek jakinarazi duenez. Halere, aurreratu dute ohar bat beren ikuspegia plazaratzen. "Ez dugu gehiengo munizipal honi loturik jarraitu nahi", adierazi dute. Postura horretara zerk eraman dituen ere seinalatu dute: "Auzapezak etengabe ukatu duelako desadostasunez mintzatzeko gurekin biltzea". Adierazi dutenez, udal gehiengoarekin edo zuzenean alkatearekin eztabaidatu nahi izan dute, baina ezezkoak jaso dituzte bueltan, eta akitu dira entzuteaz beraiek babesten dituzten proiektuak martxan daudela, horiek zehaztapenean aurrerapenik ikusten ez duten bitartean.

Naiz-ek jaso duenez, zehazki zenbait gai izan dira batekoen eta bestekoen artean desadostasun gehien sortu dituztenak, etxebizitza plana eta laborantza-lurren berreskurapena izanik pisutsuenetarikoak.