argia.eus
INPRIMATU
Hendaiako atxikitze zentroaren hestea galdetzen du Cimade elkarteak
  • Hiru sute izan dira uda honetan Hendaiako etorkinen atxikitze zentroan. “Amorruaren politikaren bukaera” eskatzen du etorkinen eskubideen alde dabilen elkarteak. Bizkitartean, zentrotik ateratzea erabaki du Cimadek, hori horrela, ez du bertatik laguntzarik eskainiko.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko irailaren 23a
Etorkinen eskubideen aldeko elkarretaratzea, Hendaia eta Irun arteko zubian

Irailaren 19an piztu zen beste behin ere sutea Hendaiako atxikitze zentroan. Uda honetako hirugarren sutea. Bertan preso dituzten 24 lagunak bertatik atera eta bi ospitaleratu behar izan zituzten. Bertakoen "xok egoeraz" ohartarazi du Cimade elkarteak. Ikerketa abiaturik da, baina, orokorrean, "segurtasun neurriak" ez direla beteak dio etorkinen eskubideen alde dabilen elkarteak.

Hori horrela, orain arte zentroaren barnetik laguntza eskaintzen ari baldin bazen ere, bertatik lekutzea erabaki du Cimadek: "Ez dugu esku hartuko giltzapetuak direnen segurtasuna bermatzen ez den bitartean". Dena dela, argi du: Hendaiako itxiera zentroa hestea ezinbestekoa da.

Bizi baldintza txarrak dituzte bertakoek eta egoera txartuz doa eta tentsio uneak berriz gora. Muturreko egoeraren isla, iraila hastapenean bere buruaz beste egitea saiatu zen etorkin bat.