Hedabide eta politikari ugariren ahotan entzuten dugun segurtasun ezaren eta delinkuentziaren diskurtsoa argudio hartuta, bai Hendaiako auzapezak bai Donibane Lohizunekoak iragarri dute udaltzainek armak eramango dituztela. 2025ean sartuko da neurria indarrean.
Joan den astean iragarri zuen erabakia Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak, komunikatu baten bidez. “Azken hilabeteetan jendetasunaren kontrako jokabideak areagotu” direla argudiatu zuen. Astearte honetan berriz, Jean-Francois Irigoyen Donibane Lohizuneko auzapeza izan da herriko polizia armatuko duela adierazi duena: “Aktualitateak erakutsi du, maleruski, udaltzainak segurtasun ezaren eta delinkuentziaren arriskupean direla”, arrazoitu du erabakia.
Angelu, Baiona, Biarritz, Ziburu eta Urruñako udaltzainek ere armak eramaten dituzte dagoeneko.
“Estatistikek ez dute justifikatzen”
Erabaki polemikoak hautsak harrotu zituen joan den astean, Hendaiako udalbatzan, Kazetak jaso duenez. Hendaia en commun taldetik azpimarratu dute gaur egungo estatistikek ez dutela justifikatzen udaltzaingoa armatzea eta “segurtasun ezaren sentsazioa etengabeko tratamendu mediatikoak” bultzatua dela.
Hendaia Biltzen taldeak ere gogor salatu du “segurtasun arazoak inolaz ere konponduko ez dituen” neurria. Dirua armetara bideratu beharrean, baliagarriagoa litzateke “prebentzioan, gatazken kudeaketan, zailtasunak dituzten pertsonen laguntzan eta hezkuntzan” inbertitzea, gaineratu dute, eta zalantzan jarri dute udaltzainek behar bezalako prestakuntza ote duten, arma horiek gainean eramateko: “Herritarrak eta gure langileak arriskuan jartzea da”. Neurri errepresiboa dela leporatu diote udal gobernuari.