argia.eus
INPRIMATU
Hemeretzi zauritu Banc Expropiaten hutsaraztea salatzeko bigarren protesta egunean
  • Bigarren protesta eguna egin dute asteartean Bartzelonan, Banc Expropiat gune autogestionatuaren hutsaraztea salatzeko. Hainbat auzotan egin dituzte manifestazioak eta Grácia auzoan elkartu dira, egoitzan sartzen saiatzeko. Zigilaturiko atea irekitzen hasi direnean oldartu zaizkie mossoak.   

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 25
Manifestariak zigilaturiko atea irekitzen hasi direnean oldartu zaizkie mossoak.

La Directaren arabera, 400 pertsonatik gora bildu dira Banc Expropiaten atarian: batzuk atea irekitzen ziharduten bitartean, horien inguruan zeuden gainerakoak. Atea irekitzea lortu dute eta mossoak oldartu zaizkie, borra kolpeka. Azaldu dutenez, hemeretzi pertsona zauritu dituzte gutxienez. Protesta berri bat deitu dute asteazkenerako.

Manifestari talde bat Grácia auzoko Iraultzaren plazan elkartu da, Banc Expropiatera itzultzen saiatzeko. Tentsioa areagotu da: edukiontzi irauliak eta mossoen kargak. La Directak jaso duenez, mossoen jarrera gaitzetsi dute hainbat bizilagunek.

Banc Expropiat, proiektu autogestionatua

Banc Expropiat proiektuaren bultzatzaileek duela ia bost urte okupatu zuten Catalunya Caixaren egoitza. 2013ko udan salaketa jarri zuen bankuak eta Banc Expropiatek horren aurkako kanpaina hasi zuen; prozesua denbora batez etetea erabaki zuen Catalunya Caixak. Berdina gertatu zen 2013ko abenduan. Hutsarazte arriskuaz jabeturik, Banc Expropiatek babes kanpaina izan du martxan, salaketa behin betiko erretiratzea eskatzeko.

Hutsaraztea astelehenean

Astelehen goizaldean, 4:00etan, Esquadra Mosssoen hamabost furgoneta hurbildu ziren Bartzelonako Grácia auzoan okupatutako bankura, egoitza hutsarazteari ekiteko. Bi pertsona bankuko kutxa gotor batean zeuden kateaturik, eta mossoek zortzi ordu behar izan zituzten egoitza hutsarazteko.

Lehen protesta eguna

Astelehenean egin zuten Banc Expropiaten hutsaraztea salatzeko lehen manifestazioa. Istiluak izan ziren eta hamabost pertsona zauritu zituzten, horietatik lau “foam”-eko jaurtigaien bidez.

Bigarren protesta egunaren laburpena, La Directa bidez: