Frankismoko hemeretzi agintari eta polizia atxilotzeko agindu du Interpolek, Maria Servini epaile argentinarrak diktadurako krimenak argitzeko martxan daukan prozeduraren baitan emandako aginduari jarraituz. Espainiako Gobernuak erantzun du inor ez duela estraditatuko.
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak aurreratu du, eskariari muzin egingo diola Espainiak, 1977ko Amnistia Legean oinarrituta ustezko delituak "iraungita" daudelako. Servinik berriz uste du, gizateriaren aurkako krimenak izan zirela frankismokoak, eta ez direla iraungitzen.
Espainiako Poliziari frankismoko agintariei buruzko datuak helarazteko eskatu diote, besteak beste, nazioarteko atxilotze agindua emateko.
Gasteizko hilketen erantzuleak, besteak beste
Atxilotze agindua duten frankismoko hemeretzi agintarien artean, diktadura garaiko politikariak, ministro ohiak, epaile ohiak eta garaiko ginekologo bat daude.
Honako hauek atxilotzeko agindua eman du Interpolek: Antonio Carro eta Alfonso Osorio frankismoko presidentetza ministro ohiak, Licinio de la Fuente presidenteorde ohia, Antonio Barrera de Irimo Ogasun ministro ohia —hilda dago—, Jose Maria Sanchez-Ventura Justizia ministro ohia, Jose Utrera Molina ministro ohia, Jesus Quintana Poliziako kapitain ohia, Carlos Rey Gerra Kontseiluko kide ohia, Antonio Troncoso epaile ohia; Jesus Gonzalez Reglero, Ricardo Algar, Felix Criado, Pascual Honrado De la Fuente, Jesus Martinez Torres, Benjamin Solsona eta Atilano Del Valle polizia ohiak, eta Rodolfo Martin Villa, Fernando Suarez, Jesus Cejas eta Abelardo Garcia.
Horietako bi, Martin Villa eta Jesus Quintanak hainbat sarraski egin zituzten Euskal Herrian. Villa, Espainiako Harreman Sindikaletarako ministroa zen eta 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak hil zituen bost langileen hilketaren erantzule izatea leporatzen zaio.
Martxoaren 3ko biktimek haren aurka deklaratu zuten Serviniren aurrean. Quintana berriz, Gasteizko polizia burua zen 1976an. Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan zeuden lagunak tiroz hiltzea eta beste 50 zauritzea leporatzen diote.