argia.eus
INPRIMATU
Hemendik 30 urtera, 5.000 milioi lagunek pairatuko dituzte ura eskuratzeko zailtasunak
  • Datu kezkagarri hau plazaratu du Nazioarteko Meteologia Erakundeak urriaren 5ean. Ur erreserbak ttipituz doaz: azken hogei urteetan, urtero zentimetro batez apaltzen da zorupeko heina.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 07a

Beste datu beltz bat, aldi honetan Nazioarteko Meteologia Erakundearen eskutik: 2050ean 5.000 milioi lagunek dituzte ura eskuratzeko zailtasunak ukanen.

Ur erreserbak ttipituz doaz: azken hogei urteetan urtero zentimetro batez apaldu da zorupeko heina. Hori horrela jadanik 2018an 3.600 milioi lagunek zuten uraren eskasia sentitu behintzat hilabete luze batez. Oraingoz, Antartikoan eta Groenlandian da gehien sendi eskasia, nahiz eta latitude apalagoak ere hunkiak izan.

Arazoari aurre egin ahal izateko, aurreikuspen eta alerta sistemak garatzeko beharra ikusten du Nazioarteko Meteologia Erakundeak. Horrez gain, uraren gestioan ere inbertitzeko garrantzia azpimarratzen du erakundeak.

Aldi berean, uholdeak gora

Era berean, urarekin lotutako arriskuak handitu egin dira azken bi hamarkadetan: 2000. urteaz geroztik, uholdeekin lotutako hondamendien kopurua %134 hazi da aurreko bi hamarkadekin alderatuta, baina lehorteen kopurua eta iraupena ere %29 handitu dira aldi berean.

Uholdeekin lotutako heriotza eta kalte ekonomiko gehienak Asian gertatzen dira, eta lehorteak kalteturiko gehienak Afrikan dira.