argia.eus
INPRIMATU
Hemen torturaren autokritika
  • Torturatua izan, auziperatua ondoren, torturatzailea kalean ikusi eta hari torturatzailea dela gogorarazi, eta gainera 2.320 euroko isuna ordaindu behar.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko azaroaren 19a

Hau da oraindik Euskal Herrian hainbat biktimekin gertatzen dena, orain Egoi Irisarriri esaterako. Lekutan dira egia, justizia eta erreparazioa. Lekutan da torturaren aitortza. Zeresanik ez autokritika.

Fenomenoa ez da berria, baina ezta oso ezaguna ere. Tortura jasandako Iker Moreno atarrabiar gaztea elkarrizketa nuen joan den iraileko Larrunerako eta bertan aipatzen zuen torturatuak torturatzailea kalean ikustearena: “Esaten dute epaiketa hurbildu ahala izaten direla “bisitatxo” batzuk kalean. Lagun bat, adibidez, torturatzaileak Iruñeko kaleetan agurtu izan du. Nahiko lasai nago eta beldurra ere ez da berdina, azkenean badakizu ez duzula berdina biziko”.

Oihane Barrios Jaiki Adi elkarteko psikologoari ere elkarrizketa egin nion Larrun bererako eta harritua geratu nintzen kontu batekin: tortura ez da amaitzen komisaldegietan, torturatzailea maiz agertzen zaio torturatuari kalean eta agurtu, nola dagoen galdetu… Finean, torturatzailea eta tortura gainean dituela ikusarazi. Hala zioen elkarrizketan:

Torturatzaile batek berak torturatutako gazte bat agurtu zuen Iruñean. Beraz, hemengo jendea da?

Hemengo taldeak dira eta Madrilen ere bada hango talde bat. Madrilera atxilotuarekin doaz hemendik, han bospasei egun egin eta gero buelta. Torturatua kalean agurtzearena oso maiz gertatzen da, batez ere atxilotu ondoren askatzen badute.

Baina normalean torturatuak ez ditu haien aurpegiak ikusten, ezta?

Batzuetan bai. Batzuetan torturatzaileak kaputxa kentzen du, batez ere atxilotuaren inkulpazioa lortuta duenean, lana amaitutzat ematen duenean. Torturatuak haien aurpegia ikustea nahi dute. Hori amesgaizto latza da, aurpegi hori ez zaizu burutik joango bizitza osoan. Horregatik egiten dute eta horregatik hobe da aurpegirik ez ikustea.