argia.eus
INPRIMATU
Turistentzako ongi etorri instituzionala errefuxiatuei berbideratu diete herritarrek Bilbon
  • Bilboko Erriberako eraikin batean Eusko Jaurlaritzak jarritako publizitate olanaren mezua moldatu dute hatzailea aldatu eta errefuxiatuen gaiari ikusgarritasuna emateko. Sarean zabalpen handia izan du ekimenak. Turistentzat "Euskadi helmuga ireki eta erosoa" dela iragartzeko, Eusko Jaurlaritzaren udako kanpainaren mezu nagusiari aurrez aurre jarri diote erakundeen migranteekiko jokabidea.

Axier Lopez @axierL 2018ko abuztuaren 06a

Bilbo Zaharra auzoan obretan dagoen eraikinaren kanpoaldean tamaina handiko olana ezarri du Eusko Jaurlaritzak pasa den astean, udan turismoa erakartzeko "Ongi etorri" kanpaina sustatzeko. "Euskadik ez dituela turistak etxera bidaltzen, guztiontzat lekua dagoela" zabaltzea da helburua, kanpainaren aurkezpenean Turismo sailburu Alfredo Retortillok adierazi zuenez. Eusko Jaurlaritzaren ustetan, "Euskadiko turismoaren aurkako mezu negatiboei ere egin nahi zaie aurre" kanpainaren bitartez, batzuek "herrialde ez oso eroso eta masifikatu gisa aurkezten gaituztelako".

Halere, turisteei zuzendutako publizitate zena ostiralean errefuxiatuentzat bideratutako mezu bilakatu zen. Ezezagunek eEraikineko publizitate olanaren gainean "errefuxiatuak" ingelesez zioen beste pankarta bat ezarri zuten. Ekintza sinplea baina oso eraginkorra, sare sozialetan jaso duen zabalkundeak eta harrera onak erakutsi dutenez. Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udalaren aurkako kritikak ugaldu diren garaian egin dute ekimen hau. Udan, Euskal Herrira heltzen ari diren migranteek erakunde publikoen aldetik jaso duten babes eta laguntza falta salatu baitute hainbat gizarte mugimenduk, gehien bat Bilboko egoerari erreparatuta.