Maiatzaren 13an iritsi zen bere helmugara bosgarrenez bretainiar korrika. Kemperretik (Penn-ar-Bed) maiatzaren 4an aterata, 10 egunetan bete zituen bere 1.800 kilometroak. Aurtengo gaia: "Bretoieraren mila koloreak". Izan ere, denetariko formak hartzen ditu hizkuntza honek Bretoi lur bezala aldarrikatzen dituzten departamentuetan zehar. Finisterrako Plougerneau herrian egin zioten atzo harrera eta amaiera ekitaldia. Bertan chistra edaten eta gavotennak dantzatuz igaro genuen gaualdia.
Ekitaldian, jada hain gaztea ez den Redadegaren ibilbideaz mintzatu ziren hainbat antolatzaile, azken hamar urtetan egindako lorpenengatik gizarte bretoia zorionduz. Oroitu zuten, nola lehenago euskal Korrikari heldu zioten bretainiar batzuek, etxera bueltan ametsa eraikitzeari ekin zioten eta hala jaio zen 2008an 600 kilometroko bidea egingo zuen lehen Redadega. Horrela, 10 urte eta 5.000 kilometro geroago, bere bizi eta izaera propioa garatu duen martxak ahizpatasuna mantentzen du Euskal Herriarekin, elkarri indarra emanez jarraitzen dute.
Aldarrikapenetan ere badituzte beren antzekotasunak biek; bada, kontinentean mintzatzen den azken hizkuntza zeltaren hizlarientzat adrenalina ziztada bat, eta hizkuntza menperatzen ez duenarentzat, hura ikasteko motibazio bat; bada, jakina, hizkuntzaren ofizialtasun aldarrikapen garbia; edota, eskualde bretoiaren zantzu historiko eta politikoetan oinarritutako berrosatze baten eskaera (bretainiartzat dituzten bost departamentuetatik lau dira ofizialki eskualdearen parte). Baina bada, batez ere, errealitate bat ikusarazteko saiakera bat, breton lives matter bat, bai Estatuarentzat, baita Bretainiako gainerako biztanleentzat ere.
Hemen ikus dezakegu V. Redadegaren kantua:
Kontinentera V. eta VII. mendean iritsia, Erdi Arotik aurrera hasi zen bretoi hizkuntza indarra galtzen, bere atzera pauso bakoitzean, halere, arrastoa utziz. Hala sortu zen galiera, bretainiarraren eragina duen hizkuntza erromanikoa. Gaur egun, lau milioi biztanle inguru dira, eta 200.000 dira bretoiez mintzo direnak, eta beste 200.000 galiera hitz egiten dakitenak. Alabaina, muga linguistikoaren alde batean zein bestean, ezinezko dute hizkuntza horietan bizitzea. Horrez gain, hiztunen gehiengo handi batek 60 urtetik gora ditu. Berriro ere, breton lives matter.
Eta, egoera honetan, zein litzateke aterabidea? Frantses zentralismoak belaunaldi zaharrenetan sorturiko konplexuak bat-batean gainditzea? Eurek ikasi ez duten hizkuntza ikastera eraman ditzatela beren haurrak guraso kezkatuek? Hizkuntza mantendu ala galdu, ardura beren bizkarrean eraman dezatela gazteek? Momentuz hainbat galdera eta zenbait erantzun, eta pauso batzuk, aurrera, korrika: Redadeg.