argia.eus
INPRIMATU
Helkorra

Endika Biota PiƱeiro @BiotaEndika 2022ko martxoaren 01

Konfinamendu garaian pandemiari buruzko hausnarketarik ez egitea eskatu nion nire buruari. Etxerik gabe eta gaixotasun mentala daukaten pertsonekin lan egiten nuen GKE batean, eta nire osasun psikologiko eta emozionala babesteko asmoz, itxialdiak irauten zuen bitartean egunez egun bizirautea erabaki nuen. Baita ondorio sasi-filosofiko merkerik ez idaztea ere.

Denbora nahikotxo pasatu da, nekadura-meseta batean nago eta buruko leihoak irekitzeko momentu aproposa dela uste dut, bizi ditudanak ordenan jartzeko garaia.

Itxialdiarenak ziurgabetasun egunak izan ziren, informazio-tsunamia jaso genuen eta zaila zen lasai bizitzea, sintoma eta hedatze-bide berriak agertzen baitziren egunero. Gogoratzen dut nola, ni neu, 2020ko martxoan zehar afekzioak bildumatzen hasi nintzen: bularreko mina, zorabioak eguna amaitzean, azkura begietan. Gerora, arnas faltarik suabeena ere aldebiko pneumoniaren seinalea zen, eta lo egiten nuen bitartean itoko ote nintzen beldur joaten nintzen ohera.

Pandemian komunikabideek eta kultura-sortzaileek, ogia legamiatzeko teknikak edo telebistaren aurrean ariketa fisikoa nola egin irakasteaz aparte, hilkorra nintzela gogorarazi zidaten. Albistegietan, irratian, Twitterren: hildakoak, kutsakortasun-tasak, ZIU okupazio-ehunekoak. Edozein momentutan COVID-ak jota hil nintekeela egia biribil tematia bihurtu zitzaidan.

Gaztaroan bizitako prozesu bat ekarri zidan gogora. Ez dago data finkorik, baina hamar urte inguru nituenean, nire hilkortasunaz kontziente izaten hasi nintzen. Noizbait zenduko nintzela. Haurtzaroaren amaiera markatzen du horrek, nerabezaroari hasiera ematen dion pistola-tiroa. Hortaz, ulergarriak dira gerora sufritzen diren anabasa eta hain mingarriak diren emozio kontrolaezinak. Fernando Pessoaren hitzetan nire urtebetetzea ospatzen zen garaian, ni zoriontsua nintzen eta ez zegoen inor hilda.

Urteak pasa ahala heriotzaren kontzientzia hori handiagotu zitzaidan. Bihar, bihar bertan, pasatu zitekeen zerbait. Hogeita hamar urte bete nituenean nire adineko ezagunak kantzerrak jota kimioterapia hartzen ikusten hasi nintzen, auto istripuak, nik baino hamar urte baino gehiago daukaten pertsonak iktusak jota ezingo dute berriro hitz egin. Edo, hogei urteko gazte bat, aurretiko patologiarik gabe, COVID-ak jota hil zela; atzo sano-sano zegoen eta handik bi egunera ospitaleko ohean geratu zen.

Bizitza mina-zelai bukoliko batean zehar egiten den lasterketa bilakatu zitekeen. Eta larritzen hasi nintzen, nola ez nintzen ba ikaratuko. Eta antsietatea ezagutu nuen, urduritasunaren forma heldua. Garezurrean erloju-bonba neraman, edozein momentutan eztanda egin zezakeena.

Hamaika bide daude honek guztiak sortzen duen malurusa bideratzeko. Batzuk bizitzan hartu behar diren erabaki handiei aurre egiten hasten dira, arrapaladan: etxeak erosi, bikotekidearekin konpromezuak hartu edo aurrezkiak gastatu. Beste batzuk bigarren nerabezaro bat bizitzen dute, festan edo arinkerietan etengabe pentsatzen, zeren bizitza bi egun dira eta heriotzak harrapatzen banau dantzan harrapatu nazala.

Nola edo hala, garai hau ere gainditu nuen. Nahitaez, edo bestelako prozesuen ondorioz. Osasuna hauskorra dela eta askotan ez dagoela nire kontrolpean onartu behar izan nuen, ezkortasunik gabe, eta bai bizitzarekin bai heriotzarekin bestelako harremana eraikitzen hasi nintzen. Beldurra barneratu. Batzuetan kasurik ez egiten, beste batzuetan aurre egiten, eta gehienetan egunerokotasunari lotzen nauten ekintzetan indarberritzeko energia bilatuz. Gaur egun proiektu txikiek ematen didate arnasa.

Ez nago seguru noiz eman zen edo zertan bilakatu nintzen. Haurtzarotik nerabezarora, nerabezarotik heldutasunera, baina heldutasunetik hirugarren adinera tarte horretan beste hitz bat asmatu beharko genuke Heriorekin dugun harreman sanoa definitzeko.

Helkorra. Heldua eta hilkorra.

Bihar bada, zer? Bihar izan daiteke. Ez dago besterik. Gorka Urbizuren hitzetan ez da biderik, norberak ireki behar dituelako.