argia.eus
INPRIMATU
Turkiako Poliziak bi pertsona helikopterotik bota zituela informatu zuten lau kazetari kurdu atxilotu dituzte
  • Turkiako poliziak ustez bi nekazari helikoptero militar batetik bota zituela. Albiste hori jorratu zuten lau kazetari kurdu atxilotu dituzte urriaren 9an. "Estatuaren aurkako gertaerez informatzea" eta "organizazio bateko kide izatea" egotzi diete.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko urriaren 15
Lau kazetari hauek atxilotu ditu Turkiako poliziak.

Eskubide zibil eta politikoak etengabe urratuak izan arren, bazterrak nahasi ditu Turkiaren menpeko Kurdistanen poliziak helikoptero militar batetik bi pertsona bota izanaren susmoak. Bi pertsona hauek irailaren 11n atxilotu zituzten, bi egunez desagerturik egon ziren eta ospitalean aurkitu zituzten, oso larri.

Albiste horri buruz informatu zuten lau kazetari atxilotu dituzte joan den astean, Bianet-en irakur daitekeenez: Mesopotamia Agentziako Adnan Bilen and Cemil Uğur, Jinnews-eko Şehriban Abi eta Nazan Sala.

MAko Cemil Uğur kazetaria izan zen ospitaleko txostena eskuratu eta informatu zuena doktoreen ustez bi pertsona hauek garaiera altu batetik erori osteko zauriak zituztela. Bi pertsona hauetako bat irailaren 30ean hil zen, ARGIAn informatu genuenez, eta besteak memoria galerak dauzka, nahiz eta "bota egin gintuzten, bota egin gintuzten" errepikatzen zien senideei etengabe, ANFn irakur daitekeenez.

Vaneko gobernadoreak, eztabaida moztu nahian, irailaren 21ean adierazi zuen bi pertsona hauek harkaitzez beteriko leku batetik erori zirela, polizia operaziotik ihes egin nahian ari zirela eta PKK-ko kideak zirela. 

Turkiako Poliziak MA agentziak eta Jinnews-ek Van hirian duten egoitzak eta lau kazetariren etxeak miatu zituen. Kazetarien elkarteek salatu dute helikopteroaren albistea jorratu izanagatik atxilotu dituztela. Miaketetan, kazetarien material guztia konfiskatu zuen poliziak.

"Gure ogibidearen ohorea babestuko dugu"

Mesopotamia Agentziako kazetari Adnan Bilenen mezu bat argitaratu du urriaren 15ean ANF agentziak. Van hiriko segurtasun handiko espetxean dago preso. "Espetxean nire eskuetara heldu zen egunkari baten bidez jakin dut ez naizela kazetaria, 20 urtez lan horretan aritu ostean. Ezin kazetari izan gobernauak, fiskalak edo epaileak emandako prentsa karneta badaukazu. Kazetari baten kazetaritza ezin da gobernu baten asmoen baitakoa izan. Kazetaritzaren ohorea babesten jarraituko dugu, gaur egun hondatua eta legez kanpo utzia baitago".