Pierre-André Durand prefetak Ipar Euskal Herriko Elkargo Bakarra abian jartzeko ezarri zituen baldintzak bete ondoren, Elkargoaren kontrako hainbat hautetsik helegite hierarkikoa ezartzeko asmoa adierazi dute. Lüküzeko auzapez Barthelemy Aguerre da horien buru.
Lucien Delgue Armendaritzeko auzapeza ere hautetsi talde horretan dago. Gainerako auzapezen izenak ez dira ezagutzen. 30 hautetsi inguru omen dira Bernard Cazeneuve Barne ministroari gutuna igorri diotenak: “Elkargo bakarraren aurka egiteko gure argudio nagusiak gobernantzan eta fiskalitatean dauden arazoak dira”, erran du Barthelemy Aguerrek.
Alabaina, Irulegiko auzapez Jakes Irumek ez duela halako helegiterik izenpetuko adierazi du, Elkargo Bakarraren aurka bozkatu zuen arren. Dirudienez, gehienak barnealdeko herrien hautetsiak dira. HELEPren aurka paratu ziren itsasaldeko herriek ez baitute helegite horrekin bat egin, ez bestelakorik ezartzeko asmorik ere.
Hainbat hedabidek helegitea jarri dutenen artean Miarritzeko eta Angeluko auzapezak aipatu zituzten iragan astelehenean. Haatik, Miarritzeko Michel Veunac eta Angeluko Claude Olive auzapezek prentsa ohar bana igorri diete hedabideei herriko etxeetan bozkatutakoa errespetatuko dutela adieraziz.
Barne ministroak elkargoaren gaia “hautetsien esku” dagoela erran zuen bozketa hasi aitzin. Beraz, Iparraldeko solastoki politikoetan diotenez, “logikoena da ministroak helegite hierarkikoari kasurik ez egitea”. Edonola ere, Elkargoaren aurkakoek administrazio auzitegietara jo lezakete.
Ez dirudi, administrazioaren bideko helegiteak Elkargo Bakarra geldiaraz lezakeenik. Baina, helegitea jartzeak zenbait hilabetez atzerarazi lezake Elkargoa abian jartzeko prozedura. Ondo bidean, berez, Elkargoak 2017ko urtarrilean abiatu beharko luke jarduna.