argia.eus
INPRIMATU
Helena Maleno ekintzaileak Marokotik Espainiara egindako “deportazio bortitza” salatu du
  • Migratzaileen giza eskubideen aldeko aktibista inolako azalpenik eman gabe kanporatu dutela salatu du Caminando Fronteras erakundeak.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 14a
Argazkia: EdgarApp

Helena Maleno, giza eskubideen aldeko ekintzailea, Marokoko poliziaren eskutik Espainiaratua izan zen urtarrilaren 23an. Hala salatu du Caminando Fronteras erakundeak Madrilen egindako prentsaurreko baten bidez. 

Marokoko justizia 2015ean Maleno ikertzen hasi zen, eta 2017 berriz ikertu zuten Espainiako poliziak migratzaileen trafikoa leporatzen zion espediente bat bidali ostean, Malenok Itsas Salbamenduari egin ohi dizkion laguntza-deiengatik. 2019ko martxoan, aktibistak Tangerreko auzitegi batean bere auzia artxibatuko zela iragarri zuen, baina urtarrila honetan deportatu egin  dute eta hiru hilabete beranduago salatu du gertatutakoa. 

Maleno Marokon bizi izan da azken hogei urteetan, baina joan den urtarrilearen 23an Tangerreko aireportura iritsi zenean, polizia talde bat zuen bere zai. Bapatean eta arrazoirik eman gabe Bartzelonara zihoan hegazkin batean sartzera behartu zuten. Bidaian, behar zituen botikak hartzeko aukerarik eman ez ziotela eta hainbat astez bere alabagandik aldendu dutela salatu du sareetan zabaldutako bideo batean.

Malenok, heriotza mehatxuak eta jazarpenak jaso dituela ere salatu du eta Espainiako Poliziaren Dokumentu Faltsuetarako eta Legez Kanpoko Immigraziorako Unitate Zentralari eta Marokoko Poliziari eraso horien atzean egotea egotzi die. 

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Malenoren konpromisoari esker, "100.000 migratzaile baino gehiago salbatu dira gure mugetan", eta NBEk eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakunde nagusiek bere lana txalotu dutela gogorarazi dute. Gainera, andaluziarrak nazioko eta nazioarteko giza eskubideen aldeko 20 sari baino gehiago jaso ditu, eta berriki Honoris Causa doktore izendatu du Balear Uharteetako Unibertsitateak.

Hori dela eta, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu diote "errekonozimendu publikoa" egin diezaiola egindako lanagatik, demokraziarentzat eta zuzenbidezko estatuarentzat izan duen ekarpenagatik. Horrez gain, Maleno eta bere familia "babestea", eta ekintzailearen zein ingurukoen aurka "eragindako kalte kontaezinak" erreparatzea ere eskatu diote.