argia.eus
INPRIMATU
Heldu-lekua eta kortsea
Imanol Satrustegi Andrés 2025eko urtarrilaren 02a
Garapenaren parodia Salsero35 / Wikimedia

Arrazoi pedagogiko edo metodologikoengatik, historialariok joera dugu iraganeko aldi historikoak zatikatzeko eta epetan banatzeko. Badira den-denok ezagutzen ditugun aro tradizionalak (Historiaurrea, Antzinaroa, Erdia Aroa, Aro Modernoa eta Garaikidea); baina baita horien azpi-aro ugari ere.

Epe horiek heldulekuak dira. Baliatzen ditugu, alde batetik, ikerketa errazago egiteko eta, bestetik, irakaskuntza eta azalpena ulergarriago suertatzeko. Tarte horien helburuak dira gertakari historikoak ordenatzea eta gutxi gorabehera ezaugarri sozial edo politiko berberak dituzten aldiak sailkatzea. Gainera, historialariok ezin dugunez giza-iragana osotasunean ikertu, ikergaia zatikatu eta pasarte batzuk aukeratzeko balio dute.

Baina historiaren aroak, eta horien hasiera eta bukaera markatzeko mugarriak, konbentzionalak eta arbitrarioak dira. Hau da, ez dira aro naturalak, historialarion artean erabakitakoak baizik. Historiaren protagonistek ez zekiten zer aldi edo garaian bizi ziren. Esaterako, Santimamiñeko labarrak pintatu zituztenek ez zekiten Goi-Paleolitoko Magdaleniar aldian bizi zirenik eta Inkisizioaren aginduz kiskali zituzten zugarramurdiarrek ez zekiten Aro Berri edo Modernoan bizi zirenik.

Alabaina, epealdi eta mugarriok ezinbesteko helduleku diren arren, batzuetan historia ulertzeko arazoak sor ditzakete. Batetik, “aurrerabidearen” edo “garapenaren” zentzu ilustratua naturaltzat hartu izan delako sarri. Mendebaldeko pentsamoldean, historiak aurreranzko ibilbide jarraitua eta determinatua zuela pentsatzeko joera egon da. Horren arabera, Mendebaldea zibilizazio aurreratua litzateke eta garapen maila apalagoko beste gizarteak, aldiz, atzeratuak lirateke, guk egin dugun bidea oraindik egin ez dutenak. Gizarte aurreratu eta atzeratuen arteko banaketa hori arrazakerian oinarritzen da eta sarri kolonialismoa justifikatzeko erabili izan da.

Bestetik, kontuan hartu behar da banaketa horiek Europako historiarentzat egin zirela eta ez direla unibertsalak. Aro historikoen banaketa klasikoa Christoph Martin Keller alemaniarrak egin zuen XVII. mendearen bukaeran. Baina zatiketa hori ez da ongi egokitzen munduko lurralde guztien iraganera. Badu zentzurik Antzinaroaz edo Erdi Aroko feudalismoaz hitz egitea Afrikan, Ameriketan edo Asian?

Azkenik, kontuan hartu behar dugu, epealdien arteko banalerroak arbitrarioak direnez mugarri horiek ez dituztela garai aldaketak zehazki islatzen. Normalean aldi historikoak eta testuinguru sozialak ez dira goizetik gauera aldatzen. Absurdoa da pentsatzea XVI. mende bukaeran herritarrak egun batez oheratu zirela erdi-arotar eta biharamunean esnatu zirela moderno. Gainera, historialarien artean, joera egon da garai historiko homogeneo xamarrak aztertzeko. Baina nire uste apalean, trantsizio garaiak dira interesgarrienak, aldi batetik bestera pasatzerakoan ikusten baitira aldaketak, ñabardurak eta argi-ilunak.

Ikusi dugun bezala, historiako aroen banaketa batzuetan helduleku izan daiteke, baina beste batzuetan kortse hertsatzaile bat da. Horregatik, egun garai eta epealdi historikoak modu malguagoan ulertzeko joera dago, eta, azalpen historikoa errazteko lagungarri diren heinean, beharren arabera moldatu daitezke.