argia.eus
INPRIMATU
“Helburu nagusiak beteta” itzuli da Greziatik elkartasun karabana
  • No Borders ekimenaren barruan EBren migrazio politikaren aurka egin dute Karabana Greziara ekimeneko 121 euskal herritarrek. Espainiako enbaxadaren aurrean kanpaldia egin dute, gobernuaren “konpromiso eza” salatzeko.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 28a
Tesalonikara joandako euskal herritar batzuk, Grezian. [Argazkia: Ecuador Etxea]

Lau egun Tesalonikan igaro ostean, etxean dira Karabana Greziara egitasmoan parte hartu duten 121 euskal herritarrak. Gerran dauden herrialdeetatik ihesi Europan sartu nahi duten errefuxiatuei elkartasuna adierazteko baliatu dute egonaldia, Espainiako Estatuko eta Kataluniako kideekin elkarlanean. Europar Batasunaren migrazio politikak eta Turkiarekin sinatutako akordioa ere salatu dituzte.

Egitasmoko partaideek Ahotsa.info-ri adierazi diotenez, “errefuxiatuen arazoa gero eta sakonagoa da giza eskubidean alorrean”. Irtenbidea bilatzeko eskaera egin diete instituzioei: “Zabaldu ditzatela mugak, eman diezaietela babesa eskatzen dutenei eta asetu ditzatela gerratik ihesi dabiltzanen beharrak”.

Karabana Greziara ekimeneko kideek errefuxiatu guneak bisitatu dituzte, euren aldarria entzunarazi eta bertan daudenen egoera barrutik ezagutzeko. No Borders kanpainan parte hartzen ari diren Europa guztiko elkarteekin batera protestak egin dituzte. Atenasen ere izan dira, Espainiako enbaxadari euren eskaerak helarazteko. Agintarien konpromiso eza ikusita, enbaxadaren aurrean kanpaldia egin dute.

Bi iruindar atxilotu dituzte

Karabana Greziara egitasmoan parte hartu ostean bertan geratzea erabaki duten bi iruindar atxilotu ditu Greziako poliziak. Zabaldi kolektibo internazionalista herrialde horretan egitekoa den brigada prestatzen ari zirela atxiki dituzte. Okupatutako hiru etxe husterakoan hartu dituzte preso, beste hainbat ekintzaile eta han babes hartuta zeuden migranteekin batera. Azken hauek errefuxiatu guneetara eraman dituzte militarrek.

Okupatutako etxean atxilotutako iruindarrak eraman zituen autobusa [ahotsa.info]
Atxilotutako Zabaldiko kideak autobus honetan eraman dituzte polizia-etxera

Atxilotzerako orduan poliziek biolentziarik ez dutela erabili adierazi dute Zabaldiko kideek, polizia-etxera eraman aurretik egin ahal izan duten deiaren bidez. Datozen orduetan epailearen aurretik igaroko dira, eta aske geratzea aurreikusten dute.