Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.
Martxoaren 1ean egindako urteko batzarra baliatu du Hekimenek herri ekimeneko euskarazko komunikabideen egoerari buruzko hausnarketa egiteko, eta prentsa-oharrean partekatu du gogoeta.
Aldaketa teknologiko, sozial eta generazionalen testuinguruan kokatu ditu euskarazko hedabideak eta azpimarratu du “garai berrietara egokitu beharra” dagoela. Iraun ahal izateko hedabideok nolakoak izan beharko duten aletu dute oharrean: “Eraginkorrak, kalitatezkoak, anitzak, modernoak, herritarrekin harreman estua dutenak, gure kulturan ongi errotuak, euskara ardatz dutenak, teknologikoki ongi garatuak, berritzaileak”.
Eraldaketa sakonetara egokitzeko prozesuak azkartu beharko direla adierazi du, eta bide horretan, Hekimenek berak hartuak dituen konpromisoak zerrendatu ditu. Hedabideen ahaleginaz gain, administrazioaren laguntza beharko dela azpimarratu du.
Erakunde publikoei konpromisoak hartzea eskatu die, “izan ere, administrazioen zeregin nagusietako bat Euskal Herriaren izana eraikitzen duten elementuak babestu eta garatzen laguntzea da. Gure kultura bere adierarik zabalenean, berezko hizkuntza, pentsamendua eta izateko modua babesteari eta zuzentzeari begirako politikak egitea”.
Hekimenek gehitu du administrazioarentzat “iritzi aniztasuna eta informazio eskubidea bermatzea oinarrizko zeregina” dela, baita “komunikabide libreen sustapena ez baztertzea” eta “monopolio informatiboei mugak ezartzea”. Azkenik, gehitu du administrazioaren zeregina dela “tokiko proiektu mediatiko indartsuak eta eraginkorrak sustatzea”.
Sei eskakizun zehatz egin dizkie Hekimenek erakunde publikoei:
1.- Euskarazko komunikabideen sektorearentzat ezinbestekoa den egonkortasuna bermatzeko konpromisoa, euskarazko ekosistema mediatikoak iraun dezan. Horretarako, digitalizazioak dakarren egokitzea burutzeko baliabide nahikoak eskainiz.
2.- Kalitatezko kazetaritzak eskatzen dituen lantaldeak eta haien soldata duinak bermatzeko konpromisoa.
3.- Egokitzeak eskatzen duen malgutasunaz jokatzeko konpromisoa, inongo kanpo faktorek eraldaketa prozesua zapuztu ez dezan.
4.- Euskal komunikabideen sektorea hitzez eta ekintzez prestigiatzeko konpromisoa.
5.- Euskarazko komunikabideen eraldaketan funtsezkoak izan daitezkeen aldaketa teknologikoetara egokitzeko bideak errazteko konpromisoa.
6.- Euskarazko komunikabideen egungo hutsune geografiko zein tematikoak betetzera etor daitezkeen egitasmo berriak sustatzeko konpromisoa.
Eraldaketa prozesua elkarrekin egitea, euskarazko hedabideek eta administrazioak, ezinbestekotzat jo du Hekimenek.
Euskarazko hedabideen elkarteak EAEko hauteskundeetarako lehendakarigaiei hausnarketaren berri emango die eta haien iritziak eta proposamenak jasoko ditu.