Garagar transgenikoa baliatuko al dute aurki Heineken eta Carlsberg garagardoek? Horren beldur dira hainbat erakunde, Europako Patenteen Bulegoak bi enpresa horiei adjudikatu baitizkie genetikoki eraldatutako garagarra baliatzea ahalbidetuko lieketen patenteak.
Patenteen helburua litzateke, Heineken (Pelforth, Desperados...) eta Carlsberg (Kronenbourg, 1664...) konpainien hitzetan, zapore berriko garagardoak sortzea. "Auziak ez du transgenikoekin zerikusirik", diote. Aldiz, genetikoki eraldatutako organismoen (GEM) aurkako erakundeek uste dute "ezkutuko GEM" adibide berriak direla hauek, Reporterre agerkariak nabarmendu duen moduan.
Patenteok erakusten dute bi marka horiek mutagenesia erabiltzeko asmoa daukatela garagardoaren ondare genetikoa aldatzeko, Laure Hänggi kazetariak dioenez.
Teknika hori baliatzeak, transgenesiak ez bezala, ez du esan nahi organismo batetik bestera gene bat transferituko denik, baizik eta mutazioak egingo direla organismo baten genomaren baitan.
Kontua da, europar araudiak mutagenesia hartzen duen arren genetikoki eraldatutako organismoen sortzaile bezala, organismo horiek mutagenesi bidez lortuak direnean legeak ez duela behartzen GEM bezala etiketatuak izatea. Horregatik salatu dute hainbat eragilek "ezkutuko GEM organismoak" direla.
"Inork ez du jakingo garagardo horietan mutagenesi bidez eraldatutako hartzigarriak daudenik, legeak ez baititu oraindik GEM gisa hartzen", adierazi du GEM Organismoen Kontrako Tolosako (Okzitania) kolektiboko kide Jacques Dandelotek.