Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaz baliatuko dira beraien aldarrikapenak era bateratuan emateko. Deialdiarekin jende asko biltzea espero dute.
Azken zortzi hilabeteetako dinamikari jarraiki, aste honetan ere asteleheneroko mobilizazioa egin dute pentsionistek Bilboko Udaletxearen aurrean. Bizkaiko pentsionistek bertan jakinarazi dutenez, Hego Euskal Herriko pentsionisten plataforma ostegunean bilduko da urriaren 1eko manifestazioaren deialdia batera egiteko.
Aste honetako mobilizazioa argindarraren prezio igoera salatzeko ere baliatu dute. Bilbon, adibidez, Bizkaiko Pentsiodunak Martxan elkarteko ordezkari Jon Fanok gobernuei eskatu die argindar enpresei presioa egiteko, tarifak igo ez ditzaten. Fanok azaldu duenez, iaztik hona %11 igo da argindarraren prezioa, eta azken hamar urteetan %50eko igoera izan du.
Igoera horiei aurre egin ezin dieten etxeez mintzatu da Fano: "Argindarra ordaindu ezin duten familiak daude, eta argindar enpresak 20.000 milioi eurorekin laguntzen dituzten bitartean, familiek %21eko BEZa ordaintzen dute eta argindar enpresek euren irabazien %6 soilik".
Gasteizen ere bildu dira pentsionistak irailaren 17ko astelehenean, oporretako geldialdiaren ostean egin duten lehen mobilizazioan. 300 pertsona inguru batu dira Plaza Berrian. Donostian ere ehundaka izan dira Udaletxe parean bildutakoak.