Soldatetan egon diren gora-beherak eta inflazioa alderatuz, EAEko langile batek duela bost urte baino 71 euro gutxiago irabazten du hilabetero, Nafarroakoak 87 gutxiago. Eta Espainiako Estatuko behargin guztiak zaku berean sartuz gero, bakoitzak hilero 126 euro gutxiago. Hau da, krisia hasi zenean kobratzen zituen 14 pagetatik bat galdu du bidean.
Egunotan zabaldu du albistea bere burua “giza baliabideetan munduko liderra” izendatzen duen Adecco multinazionalak, nahiz eta “Doce comunidades mejoran su economía en el segundo trimestre del año” titulupean disimulaturik bidali. Hori bai albistea eta ez Iñaki Urdangarin kasik-printzeak Bidarten egindako oporraldien ahulkeria.
Adeccok informazio jakingarri gehiago ematen ditu tartean, esaterako EAEko langile batek bataz beste (gauzok beti dira ‘bataz beste’) hilean Extremadurakoak baino 600 euro gehiago irabazten dituela, edo langabetuen artean neurri beldurgarrian ugaritu direla paroan bi urte edo gehiago daramatenen kopurua, nahiz eta langabeziaren datuak pittin bat beheraka hasi. Beharrean aritu arren lanaldi osoa ez daukatenak ugaritu diren bezala. Horregatik ez da harritzekoa txostenaren azken atalak erakusten duena: obreroen gatazka eta grebak gutxitu egin direla azken urtean.
Bartzelonako La Vanguardiak egunkariaren azken-bigarren orrialdeko txoko batean aipatu du albistea: “Adecco. El poder adquisitivo cae en Catalunya un 4,8% el último trimestre”. Lau orrialde lehenago, batak ez balu bezala bestearekin zerikusirik, hona beste hau: “El 60% de pasajeros de El Prat llega en ‘low cost’”. ARGIAk duela gutxi plazaratu zuenez, gero eta gehiago “oro da fast eta low cost, langileak barne”, New Yorken bezala hemen ere.