argia.eus
INPRIMATU
Hegoaldeko herrialdeek COVID-19arentzako botikei patentea kentzea nahi dute, Iparraldeko aberatsek ez
  • Eztabaida garrantzitsua Merkataritzaren Mundu Erakundean: Lurreko Hegoaldeko herrialdeek eskatu dute patentea eten dakiela COVID-19arekin zerikusia duten botikei, pandemiari aurre egin ahal izateko. India eta Hego Afrikak egina daukate eskaria baina Ipar aberatseko herrialdeek ez dute horrelakorik onartu nahi, beren multinazionalen nagusitasun ekonomikoan patenteak funtsezkoak dituztelako.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 11
Ipar aberatseko herrialdeek ez dute onartzen etetea multinazionalei COVID-19aren kontrako txerto eta botika berrien kontrola ematen dieten patenteak.
Ostegunean, abenduak 10, eztabaidatu zen berriro gaia Merkataritzaren Mundu Erakundearen (MME) jabetza intelektualaren akordioen batzordeak, eta bilkura erabakiorra abenduaren 17ak egingo du munduko jarduera ekonomikoa baldintzatzen duen erakundean. Baina badirudi estatu aberatsenek –tartean euskaldunok barne gaituzten Espainiak eta Frantziak– erabakia daukatela afera eta ez dutela beren iritzia aldatuko. Horren adibide da Espainiak bat egiten duen Europar Batasunaren jarrera.

India eta Hego Afrikak bideratu dute eskaria MMEn, erakude honek jabetza intelektualaren eskubideak aldi baterako eten ditzan, COVID-19arentzako txertoak eta beste teknologia berri batzuk herrialde txiroek ere eskueran eduki ditzaten, The Lancet aldizkariak zabaldu duenez. Industria farmazeutiko sendo eta planetako biztanleen bataz bestekoaren aldean diru-sarrera handien jabe diren herrialde asko, aldiz, neurriaren aurka daude irmoki, argudiatuz ez direla eskubideok ezabatu justu berrikuntza gehien behar direnean.

MMEk patenteekiko orain arteko bere bidean eten bat egiten ez badu, herrialde aberatsek teknologia berrienak erabili ahalko dituzte COVID-19ari aurre egiteko, merkatuan sartu ahala; nazio pobreek, berriz, pandemiaren erasoen mende jarraitu beharko diote. India eta Hego Afrikak aurrera atera nahi duten proposamenaren arabera, jabetza intelektualaren eskubide eta patenteak COVID-19rentzako botika eta teknologiak denen eskuetara iristea oztopatzen ari dira. Aldi baterako debeku batek, diote, ahalbideratuko luke patenteen jabeez gain beste hainbat herrialde eta konpainia ere lehenago hastea produktu horien fabrikazioan, ekoizpen eta banaketa osoa patentedun bakan batzuen eskuetan egoteko orde.

"Salbuespenezko proposamen honek espazio bat ireki nahi du merkatuan lankidetza handiagoa egon dadin, bai teknologiak transferitzeko eta bai ekoizle gehiago sartzeko, botika berrien eskala egokietara epe laburragoan iritsiko ginateke horrela", esan du Mustaqeem De gamak, MMEren aurrean Hegoo Afrikak daukan ordezkariak.

Ekonomia ahulen edo jabe diren dozenaka herrialdek babesten dute ofizialki Hego Afrikak eta Indiak egindako proposamena. Ez daue batere ados, ordea, herrialde aberatsenak: Erresuma Batua, AEB, Europar Batasunakoak, Kanada... Hauen esanetan,  txerto, diagnostiko eta tratamenduetan sortu diren asmakuntza berriak sustatzeko beharrezkoak dira patente eta eskubide intelektualak. Txiroen eskariari ezetza emateko, alternatibatzat eskaintzen dute COVAX ituna, zeinaren bidez lizentziak eta teknologiak borondatez transferitzeko modua ba omen dagoen. 

Hego Afrikako gobernuak esan du azken alternatiba hau, multinazionalek eta herrialde aberatsek lizentzien donazioak egitearena, motzegi geratzen dela jada ikusita dagoela. COVID-19aren kasuan bertan, zenbait sintomari aurre egiteko gai direla eta antigorputz monklonalezko terapiak libre uztea eskatu dutenean jabeek ezetz erantzun dute. Eta inplikatutako farma-industriako kanpainiei dagokienez, Hego Afrikak gogoratu ditu Pfizerrek (koronabirusarentzako lehenbiziko txertoa merkatu duenak) nola jokatu duen beste epidemia larri batzuen kasuan. Oraindik, esate baterako, auzitan daude Mugarik Gabeko Medikuak eta Pfizer honek pneumokoaren kontra sortutako txertoagatik, multinazionalak behin eta berriro blokeatu dituelako Merkataritzaren Mundu Erakundean antzeko txerto alternatiboak garatu ahal izatea; Pfizerrek Hego Koreako SK Bioscience eraman zuen auzitegietara gai horrengatik. Hegoafrikak argudiatu du antzeko egoera sortuko dela COVID-19 txertoekin, jabetza intelektualaren oztopoei aurre egiteko neurriak hartu ezean.