Batez beste, EAEko eta Nafarroako langileek 27.480, 71 eta 25.468,68 euro kobratzen dituzte urtean, hurrenez hurren. Aldiz, zifrok sexuaren arabera banatuz gero, emakumezkoek diru sarrera txikiagoak dituzte bi lurraldeetan, gutxi gorabehera, 7.863 euro gutxiago irabazten dute urtebetean Espainiako Estatistika Institutuak argitaratu berri dituen 2016ko datuen arabera.
Bi lurraldeetan emakume langileentzat egoera antzekoa den arren, bada aldea datuetan: gizonezkoen urteko soldata batez beste 31.001,21 eurokoa da EAEn. Emakumezkoena, ordea, 23.428,18 eurokoa. Hau da, 7.573 eurokoa da soldata arrakala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Berdintasunetik urrunago daude Nafarroan arlo ekonomikoari dagokionez: 20.946 euro irabazten ditu batez beste emakumezko batek lan urte batean. Gizonezkoek 29.098,99 euro: 8.153 euroko aldea dago bi sexuen artean.
Datuok mahai gainean jartzen dute oraindik bide luzea dagoela egiteko emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren bidean. Eusko Legebiltzarrean soldata arrakala errotik deuseztatzeko plana proposatu zen duela hilabete. Urkulluren Gobernuari gizarteko hainbat eragilerekin elkarlanean hasteko proposamena luzatu zitzaion, baina egitasmoak astebete baino ez zuen iraun: ELAk berehala baztertu zuen proiektua “propaganda” hutsa zela argudiatuta. Bide bera hartu zuen LABek, enpresek euren erantzukizuna onartzen ez zutela iritzita.
Zaintza lanak direla eta, lanaldi erdian aritzea eskatzen duten langileen%50 baino gehiago emakumezkoak dira. Baita familia ardurengatik kontziliazio neurriak hartzen dituztenak ere. Etxeko lanak emakumezkoen gain egotea soldata arrakalari eragiten dion faktorea dela diote hainbat adituk, nahiz eta “aitzakia gisa” ez erabiltzeko eskatu dieten agintariei eta gaiarekin ardura zuzena dutenei.