argia.eus
INPRIMATU
Hegoaldean 80 kasu berri eta 2 heriotza utzi ditu asteazkenean COVID-19ak
  • Asteazkenean bi pertsona gehiago hil ditu koronabirusak Hegoaldean, bata Nafarroan eta bestea Euskal Autonomia Erkidegoan. PCR probetan Nafarroan 22 positibo berri hauteman dituzte eta EAEn 58.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 16a
Argazkia: Dani Blanco

Hegoaldean COVID-19ak bi pertsona hil gehiago ditu asteazkenean, uztailak 15: bata Nafarroan eta bestea Euskal Autonomia Elkartean. Nafarroakoa Tuteran hil da (91 urteko emakumea, ez azken agerraldiari lotua) bertako agintariek esan dutenez, baina EAEkoek ez dute argitu (inoiz ez dute esaten) zein herritan hil den eskualde honetakoa. Osakidetzaren bi eguneko buletinetan arakatuz bai ikus daiteke atzoko hildakoa ez dela astelehenean Eskoriatzan aurkitu zutena, herri honetako estatistiketan atal horrek berdin segitzen du eta.

PCR probetan positibo emandakoei dagokienez, 22 Nafarroari dagozkio eta 58 EAEri (hauetatik 2 lurralde jakin bati lotu barik). Hauek dira datu nagusiak:

- Nafarroan 22 positibo berri. Horietatik agintariek 8 lotu dituzte azken egunetan aipatutako fokoekin (Iruñea eta Tutera) eta gainerako 12ak oraingoz ez.

- Araban 5 positibo: 4 Gasteizen eta 1 Urkabustaizen.

- Bizkaian 20 positibo: 5 Getxon, 3 Bilbon eta Arrigorriagan, 2 Barakaldon eta Berangon eta bana Abadiño, Basauri, Bermeo, Ermua eta Zaldibarren.

- Gipuzkoan 31 positibo: 6 Donostian eta Tolosan, 4 Eibarren eta Zarautzen, 3 Pasaian, 2 Aizarnazabalen eta Elgoibarren, eta bana Deba, Eskoriatza, Lizartza eta Soraluzen.

Positiboen ugaritzeak, gaur indarrean jarri den musukoen derrigortasun orokortuaz gain, neurri gehiago hartzera eraman du Jaurlaritza, Nekane Murgak gaur adierazi duenez. Tolosan, Getarian eta Zarautzen egiten ari diren PCR test masiboetatik harago, joan den astean Ordizian ostalaritzan ezarritako murrizketak zabaldu ditu Jaurlaritzak Zarautz, Tolosa eta Eibarko ostatuetara: ostatuetan ezin da zutik kontsumitu, barruko jende aforoa erdira murrizten da eta itxiera ordua 23:30etara aurreratzen. Bestalde, Osasun sailak dei egin die uztailaren 8tik 12ra bitartean kurtso amaiera dela eta Zarautzen antolatutako ospakizunetan parte hartu duten gazteei etxeetatik irten ez daitezen, pertsona zaurgarriekiko harremanak eten eta nork bere osasun zentrora dei dezan PCR proba egiteko.