argia.eus
INPRIMATU
Hegoafrikako ANC alderdiak 100 urte bete ditu
  • Asko aldatu da Hegoafrika 1912an beltzen eskubideen alde lan egingo zuen Afrikako Kongresu Nazionala (ANC laburduraz) sortu zutenetik. Nelson Mandelaren ANC mundu mailako askapen mugimenduentzat erreferente izan da urte luzez. Demokraziara eta bizikidetza baketsurako trantsizio eredugarritzat hartu izan da alderdi horrek bere herrian gidatutakoa. Atzo bete zituen 100 urte alderdiak.

2012ko urtarrilaren 09a
ANCren mendeurren ekitaldian agur militarra, atzean ANCko hiru presidenteen argazkiak daudela.

ANCk bere gorabeherak bizitu ditu 100 urte hauetan. Sortu zenean mugimendu baketsu gisa definitu zuen bere burua, eta desobedientzia zibila bultzatu zuen ia mende erdiz, zenbait manifestazio baketsutan apartheidaren poliziak jendea tirokatuta hil eta borroka armatuaren bidea irekitzea erabaki zuten arte. 1961ean Nelson Mandela beraren agindupean MK sortu zuten, ANCren beso armatua.

Gatazka politikoa gordintzen joan zen hurrengo hamarkadetan, preso politiko, atentatu, hildako zibil eta tortura kasuek nabarmen gora egiten zuten bitartean. Zenbait negoziazio saioren ostean, eta herrialdea guda zibilaren atarian zela, 1990eko hamarkadaren hasieran, herrialdearen demokraziarako bidea negoziatu zuten ANCk eta apartheidaren gobernuko kideek.

Nelson Mandela izan zen herritarrek hauteskunde lehen libreetan hautatutako presidentea eta bere agintaldiaren helburua herrialdeko herritar zuri eta beltzen arteko bizikidetza sendotzea izango zela argi utzi zuen hasieratik. Apartheidaren gobernuko kide izan ziren zenbait pertsona batasun nazionaleko gobernuan sartu zituen.

Ondorengo urteetan ANC alderdia kritikatua izan da ihesaren epidemiari garrantzia kendu izanagatik edo ustelkeria kasuengatik, besteak beste. Egun Jacob Zuma herrialdeko presidentea da.

Informazio gehiago:

Ikusi ARGIAk egindako Apartheidetik Munduko kopara Hegoafrikako beltzen gatazka politikoa azaltzeko kronologia interaktiboa.

Irakurri ARGIAn Mac Maharaj ANCko kide historikoarekin egindako elkarrizketa.

Sartu Hegoafrika kanalean herrialdeari buruzko informazio osagarria topatzeko.