Gasteizko hegoaldeko hainbat bizilagun, elkarte eta kontzejuk Hegoa bizirik/Por un sur vivible plataforma sortu dute, Gasteizko Udalari eskatzeko “ingurunea eta auzokideak errespetatuko dituen mugikortasun jasangarriko eredu bat”.
Gasteizko hegoaldeko trafikoa handitu egin delako dira kexu, eta Udalak hiriaren hegoaldeko mugikortasunaren inguruan aurreikusi dituen erabakiek ez dutelako helburu trafikoaren bolumena txikitzea.
Horregatik, adierazpen bateratu bat egin dute Adurtzakoak, Gure Batan eta Hegoaldekoak auzo elkarteek, Ikasberri guraso elkarteak, Iturritxun3ez herritar plataformak, eta Berrostegietako, Gardelegiko, Lasarteko eta Mendiolako Administrazio Batzarrek.
Azaldu dutenez, Iturritxu-Zumabide-Maite-Zuñiga ardatza ingurabide moduko bat bihurtu da eta Udalak erreiak gehituko dituenez, betiko horrela geratzeko arriskua dago.
Udalak aurrerantzean egingo dituen esku-hartzeak zehaztu gabe daude: ez dakite trafikoa arintzera bideratuko diren edo gehiago oztopatuko duten. Ziurgabetasuna eragiten die horrek auzotarrei, eta beldur dira ez ote duen ekarriko trafikoa areagotzea, istripu arrisku handiagoa eta ekologikoki garrantzitsua den eremu bat kaltetzea.
Eskatzen dute, zehazki, Udalak trafikoaren inguruan hartuko dituen neurriek bermatu dezatela auto partikularra gehiago erabiltze ez erraztea, garraio publikoa eta bizikleta erabiltzeko bideak sustatuz; eta herritarren parte hartzea txertatzea trafiko diseinuetan, horretarako elkarte eta kontzejuekin komunikatuz eta informazioa gardentasunez tratatuz.
Hiriaren hegoaldeko auzo-elkarteen eta kontzejuen adierazpena