argia.eus
INPRIMATU
Hego Koreako prebentzio sistema munduan eredu
  • Munduan kutsatu gehien zuen bigarren herrialdea izatetik adituek miresten duten sistema bat ezartzera pasatu da Hego Korea. Herrialdea ixteko beharrik gabe, egunean 900 kutsatu izatetik 114 izatera pasatzea lortu du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 13a

Teknologia jarri du erdigunean Hego Koreak izurriteari aurre egiteko. Sintomak dituen orok telefono dei bat egin ordez, webgune batean azaltzen ditu bere sintomak, eta txanda hartu froga egin diezaioten. Froga ez da ospitale batean egiten, “drive through” antzerako batean baizik. Hau da, janari azkarreko enpresek kotxeei janaria zerbitzatzen dien antzerako modeloa sortu dute froga medikuak egiteko. Horrela jende aglomerazioa ekiditzen dute eta osasun langileak ere ez dira kutsatzen.

Frogaren sinpletasunak –sudurreko likidoaren lagin bat hartzea- 200.000 laguni egitea ahalbidetu du, datuen kontrol zehatzago bat lortuz. Espainiako Estatuan 17.500 froga egin dira, Hego Korean baino zortzi aldiz gutxiago.

Hau horrela, kutsatutako horiek etxeko isolamenduan jartzen dituzte, horiek ospitaleetara joan aurretik, osasun-sistemak gainezka egitea ekidinez. Datuek hitz egin dute, Hego Koreako hilkortasun tasa %0,5ekoa baita, Italian %6a gainditu duen bitartean.