Igandean 34 kasu berri zenbatu zituzten Hego Korean, apirilaren 9tik herrialdeak izan duen zifrarik altuena. Agerraldia hiriburuan eman zen, gau giroko tabernetako erremuan. Hori horrela, Gobernuak tabernak ixteko erabakia hartu du.
Konfinamendurik dekretatu gabe pasatu dute pandemia Hego Korean. Gobernuak test masiboak egitea erabaki zuen, eta horrek pandemia kontrolpean izatea ahalbidetu zien. Hasieran munduan kutsatu gehien zituen herrialdea izan bazen ere, 10.900 kutsatu eta 256 hildako utzi ditu pandemiak herrialdean. Hau da, milioi bat biztanleko bost heriotza izan ditu.
Hala ere, Seulen sortutako agerraldi berriak alarma guztiak piztu ditu eta lokalak ixtera behartu du gobernua. Datuen arabera, 34 kasuetatik zortzi atzerritik eramandakoak dira, eta 26 bertan kutsatutakoak. Azken horietatik gehienak Seulgo Itaewon auzoan gertatu dira. Guztira 40 kutsatu inguru gauzatu dira auzo horretan.
Kasu kopurua ez da handia, ezta osasun sistema kolapsatzeko bestelkoa ere; baina aurreko datuekin alderatuta gorakada jo du Hego Koreak. Izan ere apirilaren 9tik horren datu altuak izan gabe egon da; joan den astean hiru egunez zenbatu zituen hamar kasu berri baino gutxiago.
Tabernetako afera
Itaewon auzoko lehen kutsatuak maiatzaren 6an eman zuen positibo. Auzo horretako bost klubetan egona zen gizona, eta bere atzetik beste 40 kasu positibo azaldu dira; guztiak taberna beretan ibilitakoak edo bere familiako kide edo lagunak.
Tabernetako kalkuluen arabera, 5.517 pertsona inguru egon ziren agerraldia izandako bost klubetan. Hori horrela, Gobernuak taberna horietan egondako jendeari auto isolamenduan jartzeko eta testak egiteko eskatu dio. Momentuz, 2.405 pertsonatik gora identifikatu ditu.
Hala ere, ez da lan erraza izango bertaratutako guztiak identifikatzea; izan ere LGTBIQ+ komunitateari lotutako lokalak dira agerraldikoak, eta herrialdean estigma handia dago kolektiboarekiko. Hain zuzen ere, Gobernuak aurreikusi du klubetan egondako 1.982 lagunek datu faltsuak eman dituztela, estigma hori bere gain ez hartzeko.