Maskarilla jantzita joan dira bozka eman dute herritar guztiak, eta hauteslekuan tenperatura neurtu zaie. Ondoren eskuak garbitu eta guanteak jantzi behar izan dituzte.
Eldiario.es hedabideak jaso du gaztelerara itzulita Justin McCurry eta Nemo Kim-ek sinatutako Hego Koreako hauteskundeei buruzko artikulua. Artikulu horretan irakur daitekeenez, hauteskundeek ez dezaten herrialdean bigarren kutsadura olatu bat eragin, bozkatzeko modua aldatu dute: hauteslekuak desinfektatu dituzte, eta bozka emateko derrigorrezkoa izan dute herritarrek tenperatura neurtu ostean eskuak desinfektatzeko xaboia, maskarilla eta guanteak erabiltzea.
Sukarra neurtu zaie lehenik eta kontrol hori gainditu ez dutenentzat kabina bereziak ezarri dituzte. Hego Korean kutsatuen epizentro izan dira duela gutxi arte Seul eta Daegu hiriak, eta haietan hautesmahai bereziak jarri dira, besteengandik aparte, koronabirusak jotako 3.000tik gora gaixok eta osasun langileek bozkatu ahal izan dezaten. Berrogeialdian diren gaixoek etxetik korreoz bozkatu ahal izan dute.
Inoiz baino jende gehiagok eman du botoa korreoz, aurrez: 5 milioi herritar baino gehiagok. Bozka guztiak apirilak 15 gauean jasoko dituzte eta parte-hartzea oso handia izan dela aurreikusi dute.
Hautagaiek ezin izan dituzte kanpainako orain arteko hainbat ohitura erabili: ukondo talkekin agurtu dute elkar eskua eman beharrean, maskarilla jantzita eman dituzten hitzaldiak eta talde txikitan, mitin jendetsuen ordez. Kanpainako gai nagusia Moon Jae-in lehendakariak pandemiaz egin duen kudeaketa izan da.
Munduko Osasunaren Erakundeak eredutzat jarri izan du Hego Koreak pandemiari aurre egiteko erabili duen modua, test asko egitean oinarritutakoa. Maria Ortegak azaldua du artikulu honetan.