argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Hego Korea: ‘impeachment’-aren kulebroia amaitzear da, baina krisi politikoa ez
  • Kolpismoaren lehen ikasgaiak errepasatu gabe, abenduaren 3an Hego Koreako Yoon presidenteak jo nahi izan zuen estatu-autokolpeak sututako krisi politiko erraldoia kitatzeko asko geratzen da oraindik. Baina haren porrotak abian jarritako impeachment prozedura amaitzear da.

Mikel Aramendi 2025eko martxoaren 25
Han Duck-Soo lehen ministroakHanek jarduneko presidentetza berreskuratu du, eta Konstituzio Auzitegiak zortzi kiderekin jarraituko du, arauzko bederatzien ordez. IAEA Imagebank (CC BY 2.0)

Ondorengo egunotan espero da Hego Koreako Konstituzio Auzitegiaren azken ebazpena, Parlamentuak abenduaren 14an Yoon kargugabetzeko hartu zuen erabakiaren inguruan. Zehazki zein izango den, kabala ugari baina argibide gutxi dago, hala ere.

Atarikoa da Konstituzio Auzitegi horrek berak ezetsi egin duela Han Duck-Soo, Yoonen lehen ministroa eta, hura kargugabetu ondoren, jarduneko presidentea, agintetik kentzeko Parlamentu berberak abenduaren 27an hartutako erabakia.

Baina tentuz ibili behar da bi auzien arteko parekotasunak igartzen: Hani ez zaio inoiz leporatu kolpean nahastuta egon izana (berak esanak aintzat hartu behar badira, azken unean Yoonen asmoak ezagutu zituenean, guztiz aurka jarri zen; eta Hanen profil politiko “neutroak” sinesgarri egiten du hori); baizik jarduneko presidente izanik, oposizioaren gehiengoa duen Parlamentuak sortu nahi zuen ikerketa-batzorde berezia ez onestea, eta... Konstituzio Auzitegiko hiru jarleku hutsetako baten izendapena blokeatu izana. Kasualitatez, oposizioko indar horiek sustatzen zuten hautagaiarena.

Gauzak horrela, Hanek jarduneko presidentetza berreskuratu du, eta Konstituzio Auzitegiak zortzi kiderekin jarraituko du, arauzko bederatzien ordez, espetxetik etxera itzulita dagoen Yooni buruzko erabakia lantzen.

Hani buruzko ebazpenean islatu den “indar-harremana” da, prozedurari dagokionez, sei epailek bidezkotzat jo dutela Parlamentuak Hanen aurka abian jarritako ekimena; baina akusazioak hura kargugabetzeko nahikoak ez zirela ebatzi dutela haietako bostek, eta prozedura ontzat eman ez duten biek. Yoonen kasura zeharraldatuta, prozedurazko aitzakia gutxi izango dela esan nahiko luke; baina auziaren mamiari, kolpearen egitateari buruz haustura, eta beharbada, estua, egon daitekeela pentsa liteke.

Kargugabetzea berretsiz gero, hauteskundeak egin beharko lirateke bi hilabeteren buruan. Benetako korapiloa, hala ere, gizartean datza. Zaila dirudi alde biek ontzat emateko moduko irtenbidea aurkitzea krisi politikorako. Yoonen autokolpe-saiotik ia lau hilabete igaro direnean, polarizazioa areagotu baino ez da egin. Eta alde bateko zein besteko kale-agerraldiak baketsuak izan badira ere, “gerra zibilaren” mamua alde askotatik aipatu da; azkenezkoz, Han beraren ahotan, presidentetza berreskuratzean.

Esajeratu samarra dirudi, armada inondik inora neutrala edo erdibanakoa izango ez litzatekeen egoera batean. Askoz errazagoa litzateke Hego Koreak ederki ezagutzen duen diktadura. Mozorrotua edo mozorrorik gabea.

Horri gehitu behar zaio Trump administrazioak ezarri asmo dituen muga-zergek korear ekonomian izango duten eragin gogorra…