Arazo burokratikoengatik ezin izan zuten ekainaren 28an iritsi eta oraindik ere ez dakite noiz iritsiko diren. Oporrak Bakean programaren baitan, berez bi hilabete pasa behar dituzte haur sahararrek Euskal Herriko hainbat lekutan.
147 ume dira Euskal Herrira etortzekoak. Ekainaren 28rako zegoen aurreikusita horien helduera, uda osoa bertan igarotzeko. Oporrak Bakean programaren bidez etortzekoak dira saharar errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren haurrak. Guztira 2.500 ume bizi dira bertan.
Haurrak etorriko direla ziur daude, baina ez dakite noiz izango den. Hala adierazi dio Tolosaldeko Ataria hedabideari Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak. Umeak ekartzeko Aljeriak baimena eman ondoren, Espainiak ere baimena eman behar du. Eizagirrek adierazi du Espainiako Gobernuak onarpena eman zuela, baina BOEn argitaratzerako ia bi aste pasa zirela. Horregatik ezin izan dira aurreikusitako datan etorri.
Eizagirrek aipatu du Nafarroako kide bat dagoela kanpamentuetan eta ia egunero hitz egiten dutela berarekin. Kezkatuta daude bertan egiten duen beroagatik, izan ere kideak adierazi dienez bero handia egiten du, ezin dute arnasa ondo hartu eta aire giroturik gabe ezin da bizi.
Berandu, baina aurten bai
Oporrak Bakean programaren helburua “ahalik eta haur gehienek uda gurean pasa dezaten” da. Bi urteren ondoren “Aurten bai!” leloarekin itzuli da. Mundu mailako pandemiak errefuxiatu kanpamenduak bortitz jo dituela ziurtatzen du programak bere web-orrian. Kanpo laguntzatik bizirauten duen herri batentzat mugak itxita mantentzeak ondorio larriak ekarri dituela adierazten da bertan.
Pandemiari “komunikabideek isilean mantentzen duten gerra gehitu behar zaiola” gogorarazten du baita ere. 2020ko azaroaren 13an Marokok su etenari amaiera eman zionetik urte eta erdi baina gehiago igaro da. Saharar soldatuak “lotsaren harresia” babesten diraute ordutik. Oporrak Bakean programan parte hartzen duten umeen aita, anai edo senideak dira.