argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko zahar etxeetan bisitak salbuespenezkoak izango dira ekainera arte
  • Nafarroan larri dauden zaharrak soilik bisitatu ahalko dira eta Araban dementziaren ondorioz telefono eta bideodeien bidezko komunikazioa ezinezko den kasuetan soilik. Gipuzkoa eta Bizkaiko zahar etxeetako langileek ez dute aldundien aldetik salbuespenei buruzko argibiderik jaso, eta ekainaren 8an fasez aldatzeko datari begira daude.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 26a

Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, zaharren etxeetan salbuespenezko kasuetan baimenduko ditu bisitak: hiltzera denean, egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboa arintzean edo pertsonaren egoera psikoafektiboa larri kaltetua dagoenean. Zahar etxeetako teknikarien irizpidea hartuko da kontuan bisitak erabakitzeko. Sartu gabe, zahar etxe kanpotik agurtu eta eraikinaren ezaugarrien arabera hitz egin ahal izango dute zaharrekin gertuko kideek. Kasu hauetan, Nafarroako Gobernuak zehaztu du "nahitaez bete beharko direla mugikortasun eta distantziamendu fisikoaren gaineko araudiak, langile eta egoiliarrekikoak nahiz gainerako familiekikoak. Horretarako, egoitzek aldez aurretiko ziten sistema ezarriko dute, jende-pilaketak saihestearren". Hitz eman du ekainaren 1etik aurrera zahar etxeetan bisitak egin ahal izateko aukera aztertuko dutela, COVID-19aren bilakaeraren arabera.

Araban dementzia dutenentzat bisitak

Arabako Foru Aldundiak adierazi du egoitzetan posible den heinean, dementzia duten zaharrak bisitatu ahalko direla, beren egoerak ezinezko egiten badu gertukoekin bideodeien edo telefono bidez komunikatzea. Arazo psikoemozionalak dituzten zaharren kasuetan, bertako langileek baloratzen badute bisita jasotzeak onura ekarriko diola, bisitak baimenduko dira, beti ere hitzordua aurrez hartuta eta bisitan doanak sintomarik ez badu.

Aldundiei dagokie bisitak eta Gipuzkoako Aldundiak maiatzaren 15ean iragarri zuen bere planen arabera ekainaren 8an baimentzea espero zuela. Naiz hedabideak elkarrizketatu dituen zahar etxeetako langileek gauza bera aurreikusten dute, ekainaren 8an fasez aldatu arte ez dituztela bisitak martxan jarriko.