argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko umeen %8,3ak ikusmena zaintzeko zailtasunak ditu
  • EAEko haurren %6,4ak eta Nafarroakoen %10,2ak ikusmen pobrezia du. Visión y Vida elkarte espaniarrak egin du estatuko azterketa. Txostenaren arabera, ikusteko arazoak dituzten haurren eragozpen larriena da ez duela minik egiten, eta familiek, baliabide ekonomikorik ez dutenean, bigarren mailan gelditzen dela ikusmena.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 04a

Txostenak (Radiografía de la pobreza visual infantil en España, 2024. Haurren ikusmen pobreziaren erradiografia Espainian, 2024) jasotzen du 2023an EAEn 0 eta 18 urte arteko 372.652 ume zeudela. Haurren pobrezia tasa %20,6koa zen. Ikusmen pobrezia jasan dezaketen haurren portzentajea, berriz, %6,4koa. Nafarroan 128.005 ziren 0 eta 18 urte bitartekoak. Haurren pobrezia tasa %32,9koa zen eta ikusmen pobrezia %10,2koa. Espainiar Estatuko erkidegoen ehunekoekin alderatuz gero, EAE azken bigarrena da Galiziaren aurretik, eta Nafarroak laugarren daturik okerrena dauka Ceuta, Asturias eta Balear Uharteen ondoren.

Visión y Vida elkarteak, pandemiaz geroztik, bigarren aldiz egin du azterketa. Txostenean, ikusmen pobreziaren giltzarritzat aipatu du osasun arazo horiek ez dutela minik eragiten. Dentistaren adibidea jarri dute konparaziorako. Haurrak lehenago eramaten dira dentistarengana, minez egoten direlako. Espainiako Estatuan, familien %56ak ez dituzte euren haurrak ikusmena begiratzeko mediku azterketetara eramaten. Txostenaren arabera, umeek,minik ez dutenez, bizi duten egoerara moldatzen dira eta familiek ez dute jakiten zein ikusmen osasun duten haien haurrek. Bestalde, ezusteko gastuei aurre egiteko zailtasun handiak dituzten familietan, betaurrekoak edo ukipen-lenteak behar izanda ere, erosketa atzeratzen da. Umeei betaurrekoak puskatuz gero edo graduazioa igo behar dela jakinda ere, bigarren tokian gelditzen da erosketa.

Ikusmen pobrezia terminoa 2008-2014 krisi garaian sortutakoa da. Ikusmen pobreziaren datuak ateratzeko, pobrezia tasak gurutzatzen dituzte betaurrekoak edo ukipen-lenteak behar dituzten biztanleekin. Gailuak behar dituztenen ehunekoak eta pobrezia ehunekoak alderatuta irudikatu dezakete zenbat pertsonak izan ditzakeen arazoak betaurrekoak erosteko edo ikusmen-azterketa egiteko.