argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko industriako enpresa handienek enplegu erregulaziorako espedienteak iragarri dituzte
  • Tubacex, Aernnova, Siempens Gamesa eta ITP enpresek uztailean enplegu-erregulazioko espediente ugari igortzeko asmoa azaldu dute

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 03a
Argazkia: Wikimedia Commons

Burtsan kotizatzen duten euskal konpainia handienek EEE bana iragarri dute euren akzioen beherakada gelditu asmoz, El Salto hedabideak ohartarazi duenez. Tubacex, Aernnova, Siemens Gamesa eta ITP dira enpresa horiek, Euskal Herriko ekonomiaren 'altzairuzko giharrak', behin Sestaoko La Naval desagertu ostean.

Otsailaren 29tik ekainaren 30era bitartean 6.511 lanpostu galdu dira Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako industrian, Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopuruari erreparatuta. Bigarren hiruhilekoaren amaieran 207.282 langile ari ziren sektorearen %3a baino ez zen hori. Behin EAEko hauteskundeak igaro ostean, ordea, zifra moldatu egin da.

"Aernnovako kaleratzeak beste albiste txar bat dira aste izugarri batean", adierazi zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak. Hala, enpleguei eusteko neurri gisa langileei soldatak jaistea proposatu zuen. "Malgutasuna" eskatu zien baldintza ekonomiko kaxkarretan aurkitzen diren beharginei: "Euskadi ez da kostu txikiko herrialdea", argudiatu zuen.

Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri hartu du jada egoera horretan diren langileentzat. Buletin Ofizialean adierazi dutenez, Euskal Enplegu Zerbitzuak martxan jarri du COVID-19aren ondoriozko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek eragindako langileentzako deialdia. Pertsona horiek inprimaki bat aurkeztu beharko dute laguntza eskatzeko. Uztailean, abuztuan, irailean edota hiru hilabeteetan aldi baterako enplegu-erregulazioko egoeran egon eta urtean 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten pertsonei zuzenduta dago deialdia. 150 eurokoa izango da langabezia-prestazioaren hileko osagarria % 50etik gorako lanaldia dutenentzat, eta 100 eurokoa ehuneko horretatik beherako lanaldia dutenentzat.