argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko gurasoek ezingo dute bajarik hartu beren haurrak isolatuta egon arren, PCR negatiboa badute
  • Positibo eman duten haurren gurasoek, “gertuko eta zuzeneko bizikideak” direnez, ordaindutako baja hartzeko aukera izango dute. Ez da negatibo eman duten haurren gurasoen kasua izango ordea, María Jesús Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak astearte honetan argitu duenez.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 02a

Pandemia hasi eta berehala onartu zen langileek “malgutasun handiagoa” izatea lortuko omen zuen neurria. Hala, ordaindu gabeko lanaldi murrizketak baimendu zituzten, kaleratzeko zailtasun gehiago jarriz.

Espainiako Gobernuaren ikuspuntutik ordea, PCR proba negatiboarekin berrogeialdian dauden haurren gurasoek ez dute malgutasun horren premiarik. Honela mintzatu da María Jesús Montero Espainiako Gobernuko bozeramailea: "Argi dago positibo eman duten umeen gurasoak gertuko eta zuzeneko bizikideak direla, eta beraz, ordaindutako baja hartzeko aukera izango dute; ez, aldiz, PCR proban emaitza negatiboa izan duten umeen gurasoek”.

Ministroak azpimarratu du positibo ematen duten pertsonen bizikide guztiek halabeharrez egin beharko dutela berrogeialdia, eta kasu horretan, ordaindutako baja izango dutela lanean, "inguruan kutsatze gehiago izan ez dadin". Baina zalantza ugari piztu dira zer egingo duten haurra berrogeialdian etxean duten gurasoek seme-alaben zaintza bete ahal izateko. Espainiako Gobernuak ez du bat bera ere argitu.

Frantziako Estatuko kasua

Frantziako Gobernuak, aldiz, aurreikusi du gurasoek baja hartzeko aukera, baldin eta seme-alabak joaten diren eskola itxi behar badute koronabirus kasuren batengatik. Gabriel Attal Macronen gobernuko bozeramaileak astearte honetan aurreratu duenez, zentroren bat ixteko erabakia zentroaren beraren eta tokiko agintarien artean hartuko dute. Attalen arabera, "eskola batean kasu bat gertatuz gero, hartu beharreko neurriekin eta erreakzioarekin aukera guztiak aztertu dira".

Positiborren bat agertzean, ikaslea isolatuko dute eta berarekin harremanetan egon direnak "isolatzera" gonbidatuko dituzte. Testak "susmorik egotekotan" egingo dituzte, eta emaitzak lehenbailehen jakiten saiatuko dira.