argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko langileek 13.968 euroko galera izan dute 2008az geroztik
  • Soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo dira 2008tik 2020ra bitartean, ELAk argitaratu berri duen txosten baten arabera. Sindikatuak salatu du krisi garaian langile klaseak sufritu zuela gehien, eta geroko hazkunde ekonomikoan ere ez zirela berreskuratu lehengo soldatak. %33 handitu da soldata baxuenen eta altuenen arteko arrakala.

Lide Iraola 2022ko azaroaren 08a
ELAk 18 orriko txosten batean jaso du 2008tik 2020ra bitarteko soldaten bilakaera.

ELAren "Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian: pobretzea eta prekarietatea" txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko langileriaren soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo dira, eta beraz, 13.968 euroko galera sufritu du. Datuak Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako informaziotik ateratakoak dira; izan ere, EAEko beste bi aldundiek eta Nafarroako Gobernuak ez ditu publiko egiten datuok. ELAk Hego Euskal Herri osoan antzeko bilakaera atzeman du, eta Gipuzkoako datuak lau lurraldetara zabaldu ditu.

Krisi garaian (2008-2013) aitzakiarik ez da falta langileen soldatetatik kostuak murrizteko, eta txostenak ondorioztatu du krisi aurreko soldatak ez direla berreskuratzen hazkunde ekonomiko garaian ere. Lehen urte hartatik 2020ra %33 handitu da soldata baxuenak dituzten pertsonen eta sarrera handienak dituztenen arteko aldea. Egun, 51 aldiz handiagoak dira soldata altuenak baxuenak baino.

Zaurgarrienen artean mailak eta mailak daude. Emakumeek gizonek baino %23,3 gutxiago irabazten dute (6.875 euro gutxiago urtean). Bestetik, migratzaileek gainerako herritarrek jasotakoaren erdia kobratu dute 2008tik 2020ra bitartean.

Txostenaren emaitzen arabera gazte langileak izan dira krisi garaietan kolpatuenak. 25 urtetik beherakoen soldatak ez dira LGS Lanbideen arteko Gutxieneko Soldatara iristen. Hilabeteko ordainsariak (14) kalkulatu ditu ELAk, eta hilean 612 euro jaso zituzten adin tarte horretako langileek. 2020an LGSa 950 eurokoa zen; alegia, LGSa baino 338 euro txikiagoa izan zen soldata.

Europako gainerako herrialdeekin alderatuz gero, Hego Euskal Herriko soldatak baxuagoak dira oro har. Batez bestekoei erreparatuz, EAEn %6,5 txikiagoak dira, eta Nafarroan %14,2 baxuagoak.

Azken bi urteetako datu ofizialik ez dago, baina inflazioaren zifretan oinarritu da ELA eta ondorioztatu erosahalmena are gehiago murriztu zaiola langile klaseari. Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak lan-kostuari buruzko hiruhilekoko inkestaren bidez jaso ditu aurtengo bigarren hiruhilekoko datuak. Nafarroan eta EAEn soldata-kostuak %2 baino gutxiago igo dira, KPIaren batez bestekoa %9 izan den bitartean; alegia, soldata-kostuen igoera baino 7,1 eta 7,5 puntu handiagoa.

Zifrak mahai gaineratzearekin batera, ELAk proposamen zerrenda bat jaso du txostenean. Hasteko, erosahalmena bermatze aldera 1.400 euroko gutxieneko soldata bat exijitzen du, eta aurreko urteko KPIa jasotzea. Bestalde, gehieneko diru sarrera baten muga ezartzea, pertsonaren diru-sarreren iturri guztiak kontuan hartuko lituzkeena, eta horren gainetik % 100eko zerga-tasa ezarriko litzateke

Bestalde, lanaldia 35 ordura murrizteko urratsak eskatu ditu, etorkizunean 32 ordura mugatzeko helburuz.

Prekarietatearekin amaitzeko ELAk eskatu du, besteak beste, astean gutxienez 20 orduko kontratua ezartzea, lanaldi partzialek dakarten pobrezia saihesteko; azpikontratatutako langileen egonkortasunerako baliabideak eskaintzea; edota lan baldintzen ikuskaritza handiagoa ezartzea, lan osasun ona bermatzeko.