Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, bizilagunen komunitateek eraikin edo urbanizazio batean etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko ahalmena izango dute, betiere bostetik hiruko gehiengoa lortuz gero. Modu horretan, atzera bota ditu Espainiako Estatuan etxe turistikoen sektorean diharduen zenbait enpresaren helegiteak.
Orain arte probintzia auzitegi bakoitzak nahieran interpretatu eta aplikatzen zuen Jabetza Horizontalaren Legeko 17.12 artikulua. Gehienetan, auzitegiek ebatzi dute komunitateko jabe guztiek egon behar zutela ados etxe turistiko gehiago jartzeko debekuarekin, eta hori aldatzera dator, hain justu, Gorenaren epaia, 3/5eko gehiengoa –jabeena zein parte-hartze kuotena– ezarrita.
Bizilagunen zenbait komunitatek aurkeztutako helegiteak aztertu dituzte epaileek. Marbella hirian, esaterako, bizilagunek salatu zuten etxe turistiko bateko bezeroek zarata handia atera, gauzak apurtu edota atarian txiza egiten dutela. Bozketa egin eta 51 jabeetako 48k etxe turistikoak debekatzearen alde egin zuten, baina sektoreko bi enpresak kasua epaitegietara eraman zuten.
Auzitegi Goreneko epaileen hitzetan, turismo-tasa handia duten hirietako errealitateak erakusten du aisialdia eta atsedena nekez direla bateragarriak. Azaldu dute 3/5eko gehiengoa ezartzea neurrikoa dela, gainerakoan –debekua aho batez onartu behar izatea– zentzurik ez lukeelako, debekua atzera botatzeko nahikoa izango litzatekeelako etxebizitza turismora bideratu nahi duen jabearen kontrako bozka.